GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garoņa parean Ebroko urak behar baino gehiago berotu direla salatu du Greenpeacek

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidentearen aurka auzibidera joko dute ekologistek, egoeraren aurrean azaldutako «geldotasunagatik». Gune batzuetan 10 graduko igoera atzeman du taldeak.

p022_f01.jpg

GARA | GASTEIZ

Greenpeace talde ekologistak ikerketa egin du Garoña inguruan, zentral nuklearraren ondorioz Ebro ibaiko urek duten kutsadura termikoa neurtzeko. Emaitzen arabera, Nuclenorrek, instalazio atomikoak ustiatzen dituen enpresak, Ebrora egiten dituen ur isurketek ez dute Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Garoñari esleitutako baimena betetzen. Honakoa aurten arazo horren inguruan egindako hirugarren ikerketa da.

Konfederazioak 2007ko urriaren 17an esleitutako baimenak zehazten duenez, Garoñako zentral nuklearraren isurketek Ebro ibaiko uren tenperaturan gehienez ere 3 graduko igoera eragin dezakete. Hala ere, abuztuan Estatu espainoleko Ingurumen Ministerioak homologatutako entitateek egindako neurketek 10 graduko igoera gertatu dela frogatu dute, alegia, «legeak zehaztutako tenperatura maximoa baino askoz ere handiagoa».

«Egoeraren aurrean Konfederazio Hidrografikoak azaldutako jarrera iluna dela-eta eta Garoñak Ebron eragiten duen kutsadura termikoa ekiditeko pausorik eman ez duela-eta, Greenpeacek, hilabete luzez zain egon ostean, Konfederazioko presidente Rafael Romeroren aurka auzibidera jotzea erabaki du», adierazi zuen Greenpeace Energia kanpainaren arduradun Carlos Bravok.

Estatu espainoleko Ingurumen Ministerioak 2009an egindako txosten batek eman zuen dagoeneko arazoaren berri. Txostenak ohartarazten zuen zentrala hozteko erabilitako uraren isurketak ekidin behar zirela Ebroko uretan aldaketa ekologiko nabarmenak eragin zitzaketelako.

Hori guztia dela-eta, iragandako apiriletik Greenpeacek Konfederazioko presidenteari zein Ingurumen Ministerio espainolari Ebro ibaira zentrala hozteko urak botatzeko baimena berehalakoan atzera bota dezatela eskatu die, batez ere, «behin eta berriz zentralak baimena betetzen ez duela frogatu denean».

«Aztertzeko beharrik ez»

Halaber, talde ekologistak salatu zuenez, Konfederazioak ez du azterketa termometrikorik egiten Garoñako zentraleko inguruetan «nahikoak iruditzen zaizkiolako erabiltzaileak (Nuclenor) egiten dituenak. Hala onartu zion Konfederazioak berak Greenpeace taldeari aurtengo urtarrilaren 31n bidali zion eskutitz batean.

Azkenik, gogorarazi zuten 90eko hamarkadan Ascó-ko (Tarragona) zentrala hozte dorre bat eraikitzera derrigortu zutela arazo beragatik.

ONDORIOAK

Emaitzen arabera, zentralaren E-7 eta E-4 guneen artean uren tenperatura 0,82 gradu igotzen da kilometroko. E-7-n, gainera, 30,2 graduko tenperatura atzeman dute. Berotzea ez da eguzkiak eragindakoa, isurketen ondorioa baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo