GARA > Idatzia > Kultura

Langileen murrizketa ezinbestekotzat jo du EITBko zuzendaritzak

EITBko zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko bileran, ez dela kaleratzerik izango eta Miramon eta Radio Vitoria ez direla itxiko berretsi zuen atzo Alberto Suriok. Gehiegizkotzat jotzen duen plantilla murrizteko ebentualtasuna gutxitzea eta aurre-erretiroak aurreikusten ditu.

Ane ARRUTI | BILBO

Hedabideetan zabaldu zen EITBri buruzko txostenaren xehetasunak jakinarazteko, zuzendaritzak eta EITBko enpresetako ordezkari sindikalek bilera izan zuten atzo. Alberto Surio zuzendari orokorrak azaldu zienez, txosten hori Lakuako Kultura Sailak darabilena da eta zuzendaritzak ez du bere egiten -nahiz eta gai honi dagokion txosten bakarra izan-, batez ere, metodologian akats larriak ikusten dizkiotelako. Ildo horretatik, Miramon nahiz Radio Vitoria ixteko eta 150 langile kaleratzeko asmoa dutela ukatu egin zuen Suriok baina proposamen zehatzik ere ez zuen egin.

Bileraren ondoren gehiengo sindikalak adostutako oharraren arabera, Jose Angel Quintanilla gerenteak plantillaren murrizketaren beharra aitortu zuen. «Gerenteak beste behin esan du 2013an EITBrako nahi duten plantilla Eusko Legebiltzarrak 2010erako baimendutakoa dela; 970 langile ingurukoa, alegia». Momentuan milatik gorakoa den langile kopuruari irtenbide gisa, behin-behinekotasuna mugatzearen beharra azaldu zuen Quintanillak, eta denen ahotan dabilen aurre-erretiroen harira, «irtenbidea litekeela» aurreratu zuten, nahiz eta, sindikatuen esanetan, «izango lukeen kostua eta beharko litzatekeen finantziazioa oraindik ere aztertu gabe» izan.

Zuzendaritza prest agertu zen kudeatzaileen sistema ere berrikusteko. Hau da, «aurreko zuzendaritzak sortutako figura bat, hainbat langile hitzarmenetik kanpo atera eta, zuzendaritzako kidetzat hartuta, lan berdina egiten dutenak», azaldu zion Andoni Basabe LABeko ordezkariak GARAri. Bere esanetan, telebistan bakarrik 47 inguru dira, eta EITBn, guztira ehun bat langile.

%11,5eko murrizketa

Lakuako Kultura Sailak aurrekontuetan %11,5eko murrizketa izango duela aurreratu zuen zuzendaritzak, eta beraz, EITBko aurrekontuek ere jaitsiera bera izango dutela ulertarazi zuten. «Hori hala bada, eta esaten baduzu inor ez duzula kaleratuko, eta Miramonen lana ziurtatzen baduzu, zerbaitetan gezurretan ari zara. Ezinezkoa delako orain arteko egitura mantentzea diru gutxiagorekin», esan zuen Basabek. Kontuan hartu behar da gainera, audientziek behera egin dutela nabarmen eta, ondorioz, baita publizitateari dagozkion diru-sarrerek ere.

Miramonen inguruan, «bazkarik ematen ez badiote gosez hilko dela», adierazi zion LABek Suriori. «Lanik ez badago alferrik da esatea `ez dugu itxi nahi'». Azpikontratei lan gutxiago ematea eta ekoizpen horiek guztiak Miramonen egitea beharrezko ikusten dute, bertako langileekin. «Udan %25 ingurura egin da lan. Ez du zentzurik bertan fabrika bat izanik norberaren produkzioa beste fabrika batzuetara bidaltzea».

IRTENBIDEAK

Zuzendaritzak nahi duen plantilla 970 ingurukoa da. Alde horretatik, behin-behinekotasuna mugatu beharra dagoela esan zuen gerenteak. Aurre-erretiroa irtenbide bat izan litekeela esan zuten. Hala ere, izango lukeen kostua eta beharko lukeen finantziazioa aztertu gabe daukate.

PROPOSAMENIK EZ

Lakua eta EITBko zuzendaritzak hilabete honetan espero dute 2012-2015 laurteari dagokion Kontratu Programa adostea. «Gure inpresioa izan da hauek ez dakitela nondik jo eta hor daudela ea zer esaten dieten. Ez ditugu kementsu ikusi», adierazi zuen Basabek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo