GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriak izandako eboluzioaren isla da Xabier Artolaren «Argi-itzalen neurria»

p047_f01_97x132.jpg

M.L. | DONOSTIA

Xabier Artola Zubillagak bere lehen liburua argitaratu berri du, «Argi-itzalen neurria» (Elkar). Aurrez argitaratuak eta sarituak izan diren hainbat narrazioz osatutako bilduma da.

1997. urtetik 2010era bitartean idatzitako istorio labur bildu ditu liburuan, eta hainbat gai jorratzen dira bertan; gerra, immigrazioa, hipokrisia, maitasuna... Prosa landuaz idatzitako ipuinak dira, zehaztasuna eta goxotasuna nahasten dituen hizkuntza erabiliaz.

Idazle diziplinatua ez dela aitortu zuen Artolak; alderantziz, «kontatzeko beharra dudanean idazten dut eta buruan istorioren bat bueltaka daramadanean ez dut bakerik edukitzen forma eman arte», nabarmendu zuen. Hori dela-eta, nobela luze bat baino, nahiago duela ipuin laburrak idatzi, eta irakurle moduan ere joera bera duela azaldu zuen.

«Argi-itzalen neurria» liburuan eskutitz forman idatzitakoak, elkarrizketak nagusi dituztenak edota narratzaile ugari dituzten ipuinak topa daitezke, 215 orrialdeetan zehar.

Guztira, zortzi istoriok osatzen dute bere lehen liburua eta horietako batzuen aurreko bertsioak sarituak izan dira hainbat lehiaketatan, hala nola: «Latitudea», Julene Azpeitia X. ipuin lehiaketan, 1997an; «Osaba Karlos», Agustin Zubikarai lehiaketan, 2000an; «Bipagoeta», II. Oñati Hiria Literatur Sarietan, 2001ean; «Bai, ni nauk», accesita Gabriel Aresti «Bilbao Hiria» sarian, 2003an; edota «Tximeletaren irria», Tene Mujika Narrazio Laburren lehiaketan, 2003an hori ere. Iazko «Donostia Hiria» sariaren irabazle ere izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo