GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Ehun urte, hutsaren pare

Ehun urte eta milaka zoritxarren buruan, tiro bakarra bota gabe, orduan ezinbestez «galdu» zuena doan «berreskuratzen» ari daiteke Turkia

Ostiraleko otoitzetan Erdogan, turkiar bandera gorriko ilgoraren ahoan dagoen izarra bera bailitzan, Benghaziko jendetzaren erdian ikustean, kosta egin zitzaidan barrena isilaraztea. «Ehun urteren buruan, hau!», neure golkorako marmarka. Izan ere, hura baino irudi aproposagorik inposizioen historiaren alderantzikagarritasuna frogatzeko...

Ez dakit interesik ba ote duen deliberatzeak ea oiloena (oilarrez mozorrotuta dabiltzan Sarkozy eta Cameron, arrunki esanda) edo arrautzarena (Erdogan) ote zen lehenagokoa Libia «berria» bisitatzeko asmoa. Egia konplitua da lehen biak ostegunean pasatu zirela Tripolitik (edo bertako aireportutik eta erietxeren batetik) telebista kateei adierazpenak egin eta segituan etxera itzultzeko; udaberriaz geroztiko erasoetan xahututako dirutzei etekinen bat ateratzeko ordua zen. Bigarrenak, aldiz, 2011ko Udaberria loratu duten herrialde arabiar ia guztietatik eginiko txango pausatu eta zabalagoan egin zuen asteburuko bisitaldia, gertatzen ari den guztiaren irabazlearen eta etorkizuneko arbitroaren paperean.

Eta egiagoa da, oraindik, lehen biak zein hirugarrena aspaldiko kideak diren arren NATOn, elkar ikusteko keinurik ez zutela egin. Are gutxiago, esango nuke, Libiaren etorkizunaz zuzenki hitz egin eta tratuak adosteko. Eta oso mezu ezberdinak, kontrajarriak jaulki dituztela herrialde hartan. Neure irudipen (ala desio?) hutsa izan daiteke, baina iruditu zait Udaberri horrek, eta bereziki Egiptoko Iraultzak, gauza asko aldarazi dituela Mediterraneo Ekialdean iraganeko hamarkadetan indarrean egon diren aliantza eta lerrokamenduetan. Geroak esango du.

Iraganeko kontua zen, ordea, Erdogan Benghazin ikusita ni benetan asaldarazten ninduena. Kasualitatez (ala ez?) egun hauetan -irailaren 29an, zehazki- betetzen baitira ehun urte Italiak Otomandar Inperioari gerra deklaratu eta Libia bereganatzeko erasoari ekin zionetik. Askotan lez, txango militar ponposoa izan behar zuena (lauzpabost mila soldadu baino ez zituen otomandar armadak Libian, Italiak prestatu zituen ehun mila soldaduei aurre egiteko) gerra luze, garesti eta akigarria bihurtu zen erasotzaileentzat. Baita eraso haren ondorioz, hurrengo urtean, Balkanetako Lehen Gerra sutu eta Otomandar Inperioak Libiako frontean erabat amore eman behar izan zuenean ere. Italiar kolonialisten planetan aintzat hartu gabeko «faktoretxo» bat zegoelako: Libia bertako leinu eta jendeen etsaigoa okupatzaileekiko. Hogei urte geroago, italiarrek Omar al Mukhtar, «Basamortuko Lehoia», erresistentziaren buruzagia urkatu zutenean ere itzaliko ez zena. Gero, kolonialista batzuen ordez besteak -ingelesak eta frantsesak- bertaratu ondoren, eredu neokolonialista zabar batekin «gainditu» nahi izan zen historiaren orrialde hits hura. Al Gadafi eta konpaiak -eta petrolioa- agertu ziren arte.

Ehun urte eta milaka zoritxarren buruan, tiro bakarra bota gabe, orduan ezinbestez «galdu» zuena doan «berreskuratzen» ari daiteke Turkia. Kolonialismoaren bitxikeriak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo