«Urriaren 12an Espainiak entzungo gaitu», jakinarazi du Independentistak sareak
Urriaren 12rako II. Martxa Berdea antolatu du Independentistak sareak, «Espainia: inposaketa eta hondamendia. Independentzia!» lelopean. Mobilizazioa 17.00etan abiatuko da Bilboko Jesusen Bihotzetik, eta Areatzan amaituko da. Burrunba izaera izango du mobilizazioak.GARA |
«Zarata egiteko garaia da, entzun gaitzaten, gure haserrearen berri izan dezaten. Nork eman die gure herria hondamendira eramateko eskubidea?», galdegin du Independentistak sareak kaleratutako pren- tsa adierazpenean.
Bere aburuz, Estatu espainolaren proiektua «gainbehera doa, eta gainbehera eramaten gaitu gu ere, lotuta gaudelako, erabakitzeko aukerarik ez dugulako». Egoera sozioekonomikoa «oso larria» izanik gizartea ezin da geldirik egon esan du. «Argi dago, Espainiaren menpe ez dago irteerarik. Argi dago estaturik gabeko herriok eskuak lotuta ditugula krisiaren aurrean. Nork defendatzen gaitu gu krisialdi aro honetan?», gaineratu du.
Burujabetza ekonomiko eza soilik ez, «Espainia inposaketa» dela ere salatu du Independentistak sareak. «Hobekuntzarako eta aldaketarako ateak ireki beharrean, gehiago itxi dituzte espainiar nazionalistek. Atzera doa espainiar politikagintza».
Euskal herritarrei «Espainiak ezer eskaintzen ez» diela nabarmenduta, «beste bide bat» hartu behar dela azaldu du: «Estatua behar dugu, gure bidea hartu ahal izateko, gure ekonomia babesteko, gure erabakiak hartu ahal izateko, beste inoren menpe ez izateko; bolantea hartu eta amildegira doan bidea baztertu eta gure garapenerako bidea hartzeko. Independentzia behar dugu, gure herritarren interesak babesteko. Geroa izanen dugula bermatzeko».
Bigarren edizio hau «burrunba martxa» bilakatuko da mobilizazioa Plaza Eliptikora iristean, «armarri faxista espainiarra eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza dauden lekuan».
Sareak dei egin die euskal independentista guztiei urriaren 12an Bilbora joan daitezen, «betiko moduan arropa berderen bat jantzita eta, oraingoan, zarata egiteko tresnaren batekin».
«Espainiarekiko independentzia lortzeko bidearen lehen urratsen urteurrenak gogoratuko ditugu. Halaber, etorkinek independentzia prozesuan izan behar duten protagonismoa azpimarratuko dugu», azaldu du sareak.