GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julen Zulaika Askapenako kidea

Alvaro Uriberen bisitaren harira

Gogorra da gero ontzigintzan eta langile klasearen aldeko protesten eredu den Euskaldunara egunotan Alvaro Uribe etorri izana. «Teknologia berriak arlo publikoan» izeneko jardunaldietan hartuko du hitza, nahiz eta Kolonbiako presidente zela, ezer gutxi utzi zuen pribatizatu gabe, errepresioa eta sufrimendua denentzat adina izan bazuen ere. Hodi komunetan dauden milaka gorpuren DNA identifikazio probak egitea debekatzen zuen berberak teknologia berriak izango ditu hizpide.

Gainera, ez dira hodiok guda zahar baten ondorio, Kolonbiak azken bi mendeetan bakerik ezagutu ez badu ere. Bere agintaldian buruturiko sarraskiak dira gehienak, 30.000tik gora jadanik indar militar edo paramilitarrek buruturikoak, Txile nahiz Argentinako diktaduren errepresio datu beldurgarriak gaindituz.

Horra hor, Bizkaitec, Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko enpresak, zein hautatu duen Bilborako. Diotenez, aukera paregabea izango da enpresentzat merkatu berrietan sar daitezen. Kolonbian, baliabide naturalen ustiaketa eredu paregabea topatu dute orain arte behintzat transnazionalek, estatubatuar nahiz europarrek.

Paradisu bikaina, lau milioi barne-errefuxiatu dituen lurraldean, nekazari edo jatorrizko herritarren baimenik gabe, nahi duten gisara ustia ditzaten bertako aberastasunak. Publikoan agian ez bada ere, negozio beltz hauetaz hitz egiteko tartea hartuko dute noski jardunaldietan, aberastasunok bertako gutxi batzuen eskutan edo atzerriko poltsikoetan geratuko diren arren, ezin baita ahaztu Kolonbian, biztanleriaren erdia bizi dela pobreziaren mugan.

Aspaldian galdu omen dugu harritzeko gaitasuna, ahanzturaren mende bizi garela diote beste askok, baina herrion oroimen kolektiboak bizirik dirauen artean, jarrai dezagun zuria denari zuri deitzen, eta genozidio baten arduradun denari, genozida deitzen. Orain, «goi mailako hizlaria», konferentzia garesti eta txalo merketan ezkutatzen bada ere. Euskal Herriak esan diezaiola ez duela onartzen bere presentzia gurean, manten gaitezen, beraz, Euskaldunan eta protestan, langile klasearen alde, jatorrizko herri eta lurrik gabeko nekarazien alde eta inpunitatearen aurka. Duintasunaren ontziak egiteari ez diezaiogula inoiz utzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo