Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Pablo
Porra bat egingo bagenu Euskal Herrian rock kontzertu gehien ikusi dituen pertsonaren inguruan, Hego Euskal Herrian bederen, neuk Pabloren alde egingo nuke. Ez daukat zalantza handirik. Haren argazki bilduma bezain luzea izan daiteke ikusi dituen emanaldien zerrenda. «Ados, baina gehienak musu-truk ikusi ditu...», esango du baten batek. Ez zaio arrazoirik falta, musika kazetaria izatearen alde onak dira. Kontuan hartu, ordea, zer izan daitekeen garai bateko bost eta sei taldez osatutako jaialdia ikusi, leher egina etxera iritsi eta hurrengo egunean eguerdirako kronika entregatu beharra... tartean; manager, aholkulari, erizain, paparazzi eta antolatzaile lanak eginda. Horretarako, ia menpekotasunen kategorian kokatzeko moduko zaletasuna behar da.
«Ongi, eta musu-truk jaso dituen disko guztiak...». Aurreko paragrafoan erabili dugun argudio bera aplika daiteke oraingo honetan ere. Salbuespen bakarra, ba al dakizu zer nolako konpromisoa den norbaiten diskoa entzun eta kritika egin beharra? Zergatik batzuk argitaratu eta beste batzuk ez? Diskoaren inguruko iritzi ona plazaratzen baduzu, norbaitek «tongo» aldarrikatuko du. Iritzi txarra emanez gero, erne, heriotza mehatxuak ere jaso ahal izango dituzu e-mailez.
Euskal Herrian kritika musikala falta dela esaten dutenei, txalo egin eta saia daitezela eskatuko nieke. Ea noraino baloratzen duten haien bizitza soziala! Kontua da, hasierara itzuliz, garai batean Pablo taldeak bezain beharrezkoa zela eszenatokian. Hura ez bazebilen inguruan, zerbait falta zen sentsazioa sumatzen genuen denok, baita informeak egitera etorritako isilpekoek ere. Azkuna jauna, gutxiago egiteagatik eskaini zaio kale izenen bat hainbat Bilbotar «ilustreri».