GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hego Euskal Herrian «egiazko giro politiko berria» sortzen ari dela esan du ABk

Urte politiko berriko gai nagusiak aipatu zituen ABk. Hego Euskal Herrian sortzen ari den giroak ondorio baikorrak -baita Ipar Euskal Herrian ere- izatea espero du. Krisiaz eta Senatuko bozez ere mintzatu zen.

p013_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Azken hilabeteetan, Euskal Herrian eta, zehazkiago, Hego Euskal Herrian gauza biziki garrantzitsuak gertatzen ari dira eta, ondorioz, egiazko giro politiko berria finkatzen» ari dela nabarmendu zuen atzo Andde Sainte-Marie ABko bozeramaileak, urte politiko berriaren harira zuzendaritzako beste kide batzuekin egindako agerraldian.

Gertakari horien artean bereziki aipatu zituen Amaiur koalizioaren sorrera eta euskal preso politikoen kolektiboak Gernikako akordioarekin bat egin izana. «Horrek guztiak giro baikorra eragiten du eta Ipar Euskal Herrirako ere ondorio onak izango dituela espero dugu», esan zuen.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako egoerari buruz, berriz, aurtengo ikasturtean mahai gainean izango diren hainbat gai izan zituzten hizpide. Hasteko, Jakes Borthairuk «sistema ekonomiko kapitalistaren krisiak herritar gehienengan jada dituen eta izango dituen ondorio larriak» aipatuta, ABk gobernuen politikari aurre egingo diola ziurtatu zuen.

«Erreforma fiskala, ondasunen banaketa orekatua eta interbentzio publiko egituratua behar dira, besteren artean. Baina guztiaren gainetik, hartu behar diren neurriak demokratikoki hartu behar dira eta ez merkatuek manatzen dituen arabera», gaineratu zuen Borthairuk.

Herriak zorpetuak

«Libération» egunkariak berrikitan argitaratu dituen datu batzuk ekarri zituen gogora, zenbait erakunderen kontuetan «gainkostu izugarria» izateko arriskuaz ohartarazten zutenak.

Izan ere, hainbat banketxerekin -tartean Belgikako Dexia Bank- negoziatu dituzten maileguen baldintza bereziek Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz, Angelu, Baiona, Bokale, Mugerre eta Mauleko herriko etxeei, baita herri elkargo batzuei -Hego Lapurdi eta Euskal Kosta-Aturri (frantsesez ACBA)- ia 4,5 milioiko gainkostua ekar diezaiekete. «Horrek esan nahi du inbertsiotarako ez dela aski dirurik izanen. Beti bezala, herritarrek ordaindu beharko dute. Onartezina da beren dirua zuzenean banketxeetako sakeletara joatea», gaineratu zuen

Sainte-Mariek lurraldeen erreforma ere aipatu zuen. Paris bertako hautetsi eta eragileekin «inolako adostasunik gabe» egiten ari dela salatu zuen, eta Gobernuari bertan behera utz dezala eskatu zion. Hurrengo hauteskundeetan ezkerrak irabaziz gero, «orain egindako akatsak» zuzenduko dituen itxaropena du ABk.

Senatuko bozak

Iragan igandean izandako Senatuko bozei buruz ere mintzatu ziren. Jean-Marc Dabadiek ABk babestutako hautagaitzak egindako lana goraipatu zuen.

RPS (EA+AB) eta Europe Ecologi-Berdeek osatutako hautagaitzatik senatari bat -Sauveur Bacho- lortzeko benetako aukera zegoela uste du ABk, beti ere, bigarren itzulian, PSko zenbait hauteslek, batez ere bearnotarrek, zein Annie Jarraud-Vergnolles Angeluko hautagaiak garbi jokatu izan balute, bi indarren artean aldez aurretik adostutakoaren arabera.

David Grosclaude alderdi okzitaniarreko kontseilariak egindako lotura kenduta, Bearnoko hautesleekin apenas izan dute harremanik.

EZTABAIDA

Urteko barne eztabaidari ekin dio ABk. Ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen berrosatzea eta bozetarako aliantza politika aztertuko ditu. Batzar Nagusia abenduaren 3an izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo