Boikota utzita, diputatu kurduak Turkiako Parlamentura itzuliko dira
Turkiako Parlamentuko 35 diputatu kurduek bertan behera utziko dute protestaldia eta euren eserlekuetara itzuliko dira «bakearen alde eta gerraren aurka jokatzeko». Halaber, gatazka konpontzeko izan diren ahaleginak hondatu nahia egotzi diote Ankarako Gobernuari.
GARA |
Turkiako Parlamentuko 35 diputatu kurduek abiatutako boikota bertan behera utzi eta jarduerara itzultzea erabaki zuten atzo, egoera politikoan tentsioa areagotzen ari den bitartean. «Saiatuko gara jarduera aldatzen, eta bakearen alde eta gerraren aurka jokatzeko Parlamentuko lanetan parte hartzea erabaki dugu», adierazi zuen Selahattin Demirtas BDP alderdiko presidenteak.
Turkiako Gobernuari kurduen gatazka konpontzeko ahaleginak hondatu dituela leporatu zion Demirtasek. Izan ere, herrialdean milaka militante kurdu atxilotu dituzte azken hilabeteetan.
Boikota dela-eta, kurduen aldeko alderdi eta erakundeetako 35 diputatuek ez zuten kargua hartu Parlamentu eratu berrian.
Ekintza horren bidez hauteskunde-agintariek Hatip Dicle hautagai kurduaren parte hartzea baliogabetu izana salatu nahi zuten. Militante ezagun hori espetxean dago egun eta epaiek ez zioten utzi irabazitako eserlekua hartzen. Dena den, boikota sinbolikoa izan da, legealdi berria urriaren 4an hasiko delako.
Diputatu kurduen erabakia PKK Kurdistango Langileen Alderdiak erasoak areagotu dituzten unean iritsi da.
Aldi berean, Gobernuak Hego Kurdistanen (Irakeko mugen barruan) PKKren gordelekuen aurkako operazio militarrari ekin dio. Gainera, Recep Tayyip Erdogan lehen ministro turkiarrak kurduei PKKren aurka borrokatzeko eskatu zien eta BDP alderdiari horrekin bat egitea egotzi zion, indarkeria giroa baliatzeko.
Laguntza frantziarra
Kurduen aurkako borroka atzerrira eraman du Turkiako Gobernuak. Izan ere, datorren astean Claude Gueant Barne ministro frantziarra Ankaran izango da «terrorismoaren» aurkako elkarlanerako hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horren helburu garbia kurduak dira, Turkiako iturrien arabera.
Gueant-ek Naim Sahin Barne ministro turkiarrarekin hitzartuko duen akordio horren bitartez, «terrorismoaren aurkako borrokan» elkarlana koordinatuko dute.
«Zaman»-ek, Gobernuaren aldeko egunkari turkiarrak, adierazi zuenez, Ankarak Europar Batasuneko herrialde garrantzitsu batekin horrelako hitzarmen bat sinatzen duen lehendabiziko aldia da eta, horren bitartez, Gobernu turkiarrak Frantzian atxilotutako PKK-ko kideen estradizioa lortzea du helburu. Abdullah Gül presidente turkiarra eta Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak ere hartuko dute Gueant.
Harremanak oso onak ez badira ere, Parisek eta Ankarak «terrorismoaren aurkako» borrokan elkarlana suspertu nahi dute hitzarmen baten bidez. Azaroaren 2an Estatu frantseseko epaitegiek 18 kurduren egoera erabakiko dute. 2007an atxilotu zituzten horiek PKK-ko kideak izatea leporatuta. Gobernu turkiarrak horien estradizioa lortzea du helburu.