Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egiteko eskatu du Oņatiko Udalak
GARA | OÑATI
Guardia Zibilaren presentzia eta kontrolak amaitzeko eskatu zuen atzo Oñatiko Udalak herritar talde batek aurkeztu zuen mozio baten bidez. Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten. Honekin batera, Guardia Zibilaren sindikatu batek Gipuzkoako herri honetan deitu duen mobilizazioa salatzeko herritar talde batek egin duten deialdian parte hartzera deitu du Udalak.
AUGC guardia zibilen elkarteak «Bilduren mehatxuen aurrean» urrian Oñatin elkarretaratze bat egiteko asmoa azaldu du, PPko Antonio Basagoitiren sostengua jaso duena.
«Bake eta normalizazio politikora eramango gaituen prozesu demokratikoa garatu ahal izateko euskal herritarren aurkako errepresio mota guztiak alboratzea» eskatzen du Oñatiko Udalak, eta horretarako «Espainiatik etorritako indar militar eta polizialak Euskal Herritik alde egitea» ezinbestekotzat jotzen dute.
Azkenaldian Oñatin Guardia Zibilaren kontrolak areagotu direla salatu zuen Udalak. «Errepidean, kalean edota mendian dabiltzan herritarrak geldiarazi, miatu eta galdekatu egiten dituzte eta hainbat herritar denbora luzez atxiki izan dituzte», azaldu zuten.