GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ander Pascual Ariz ELA-Irakaskuntza

Mobilizazioak Hezkuntzan

250 pertsona kale gorrira bota ditu Nafarroako Gobernuak, edozein enpresarentzako eredu bihurtuz

Hezkuntza publikoko langileak aurreko ekainetik gabiltza mobilizazioekin, gure lan baldintzen eta hezkuntza sistema publikoaren kalitatearen aldeko borrokan. Aldarrikapen biak eskutik helduta datoz; edozeinek ulertu ahal du lan baldintza duinik gabe ez dagoela kalitatezko zerbitzu publikorik.

Dirurik ez dela diote eta horrexegatik gastuan egin behar direla murrizketak. Gezur hutsa da hori. Nafarroako Gobernuak bere egin ditu enpresa handien eta boteretsuen tesiak. Ez dira ia zergak ordaintzen kapitaletik datozen errentetatik; ematen zaizkien bonifikazio eta salbuespenei esker enpresek ordaintzen dutena oso gutxi da; ezer gutxi egiten da zerga-iruzurraren kontra... Oso argi dute agintariek zertan guztion dirua xahutu: Sanferminen Museoa, Navarra Arena pabilioia, Los Arcoseko zirkuitua eta AHT batez ere. Gastu horiek betikoen poltsikoak betetzea dute helburu, eta, horien ondorioz, egungo belaunaldiak eta gero etorriko direnek izugarrizko zama jasan beharko dute.

Nafarroa publiko den ororen etsai handienen eskuetan dago. Barcinak berak Madrilen «copago sanitario» delako horren onurak defendatu ditu. Erraza da: ez dute publikoan sinisten.

Nafarroan Hezkuntza Publikoa kalitate handikoa da. Horrela uzten dute agerian PISA informeek, unibertsitaterako sarrera probek eta familien gehiengo zabal baten iritziak. Hau guztia da arriskuan jartzen dena murrizketa sistematiko hauen politikarekin.

Barcina eta Iribasen diseinua Esperanza Aguirreren diseinu bera da. Ezin digute ziria sartu. Erritmoak desberdinak badira ere, helburu bera dute buruan: sare publikoaren kalterako jokatu beharra dago. Honen kalitateak behera egiten duen heinean, baliabide nahikoak dituzten familiek beraien seme-alabak itunpeko ikastetxe pribatuetara eramango dituzte. Itunpeko ikastetxeetako langileentzako jakina ez da onurarik egongo. Soldata moderazioa; garai txarretan denok lagundu behar izatea; horrelako diskurtsoak eta administrazioaren laguntza arduratuko dira horretaz.

Edozein tresnak balio du zerbitzu publikoen suntsiketaren alde: ezkutaturiko kaleratzeak, enplegu publikoko eskaintza pobreak, ordezkapenak zuhurkeriaz betetzea; kolektiboak elkarren aurka jartzea.

Iribas jaunaren taldearen eguneroko jardueran gezurra erabiltzen dute. Langileen ordezkariekin negoziazioan hasteko prest dagoela dio; guztion artean aurrera egiteko aukera dugula. Aldi berean, publikoki gure kontra dabil familiak eta gizartea gure aurka jarri nahian. Horregatik Iribas jaunari exijitzen diogu berriketa alde batera utzi, eta ekintza zuzenera pasa dadila. Gure aldarrikapenak argi daude: gastu publikoa era zentzudun batean kudea dadila, murrizketa gehiagorik ez, atzera egin dezatela hartutako neurrietan eta irakasleen ordezkapenak lehenbailehen bete daitezela.

Hau guztia lortzeko unibertsitatez kanpoko irakasleak ordezkatzen ditugun sindikatuok mobilizazioak deitu ditugu egun hauetarako. Erantzuteko garaia iritsi da. Gure erantzunaren neurriaren arabera, gai izango gara Nafarroako Gobernua atzera egitera derrigortzeko. Guztiok bat eginik; irakasle, guraso eta ikasleek bidegabekeria hau geldi dezakegu.

Hezkuntzako profesionalok lanuzteak eta greba burutuko ditugu. Gogor aritu gara familia eta ikasleen inplikazioa jasotzeko asmoz. Horregatik, hain zuzen ere, urriak 22rako manifestaldia deitu dugu Iruñean. Batetik, 250 pertsona kale gorrira bota ditu Nafarroako Gobernuak, edozein enpresarentzako eredu bihurtuz. Bestetik, hezkuntza publikoa, kohesioa, justizia eta berdintasun handiagoa duen gizarte baten berme bakarra, da kolokan jartzen dena. Gure seme-alaben etorkizuna da, hain zuzen ere, arriskuan jartzen dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo