GARA > Idatzia > Kultura

«Max Frischenganako nuen mendekotasun edo itsumenetik sortu dut lana»

p042_f01.jpg

Joxean Agirre

«ZweiI Frauen (bi emakume)» nobelaren egilea

Estiloagatik, bizia ikusteko moduarengatik edo zehazten ez dakien arrazoi pertsonal batengatik, Azpeitian jaio eta Zarautzen bizi den idazle hau ia-ia mundua Max Frischen begietatik ikustera iritsi zen. Ereduarekiko identifikazio handi horretatik abiatuta osatu du imitazioari buruzko liburua.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Ereduaren eta norberaren estiloaren arteko sokatiraren inguruan osatu du Joxean Agirrek «Zwei Frauen (bi emakume)» nobela berria, iaz Ondarroako Udalak eta Elkarrek antolatzen duten Augustin Zubikarai beka irabazi zuena. Rikardo Beitia Ondarroako Udaleko ordezkariak atzoko aurkezpenean jakinarazi zuenez, bederatzi urtez nobela laburren lehiaketa izan zena, 2010ean, nobelak sortzeko beka bilakatu zen, eta hagitz kontent daude Agirrek proiektua nola burutu duen ikusita. Aurten, Itxaso Araque gaztearen egitasmoa saritu dute eta jada deialdia egin dute proposamen berriak jasotzeko.

«Zwei Frauen» liburuaren egilea ere gustura zegoen emaitzarekin, batez ere nobelaren lau zatietako hirugarrenarekin. «Borobilena da, hasi eta bukatu ikusten da nire eskua», adierazi zuen. Zati bakoitza imitazio bat da. Lehenbizikoa, adibidez, Bertrand Moraneren parodia bat da. Montpellierko ingeniari hori hil zenean, ez omen zen gizon bakar bat ere joan hiletara; emakumeak, aldiz, pila bat, ahalmen izugarria baitzuen hauek konkistatzeko, Agirreren nobelako protagonistak ez bezala.

Hain zuzen, emakumeenganako pasioa eta bikote bizitzarekiko beldurra da landutako bigarren gaia. «Bada ezkon ohe bat ikusi eta korrika alde egiteko gogoa sentitzen duen jendea. Izu edo klaustrofobia honen ondorioz, narratzaileak bigamia erabiltzen du. Bi emakumerekin bizi da, astegunetan batekin, asteburuetan bestearekin, eta tipoa oso ondo moldatzen da. Gero, gaizki bukatzen du, ordea».

Literatura arinagoaren beharra

Laugarren imitazioak nobela baten idazketa azaltzen du Nadia eta Karla emakume protagonistei buruzko kontakizunaren barrenean. «Idazketa hori Max Frisch imitatuz egin behar nuen, baina imitaezina da eta beldur naiz ez ote den parodia txar batean geratu».

Idazleari «izugarri polita» iruditzen zaio imitazioaren mundua, eta faltsutzaileen istorio bitxi ugari topatu du Interneten. Sortzaile oro imitatzailea den galdetuta, neurri batean baietz erantzun zuen eta tradizio handi baten gainean egindako lana ez bada, inprobisazioa zer den galdetu zuen. «Goiz batean zure hamar lerro idaztea lor dezakezu, baina kontuan izan behar duzu beste batzuen gainean jarri duzula zure hori».

Kontatu zigunez, idazle «arraroen» zerrenda bat du, hogei bat izenekin: Walser, Lebrero, Ribeyro... Gazteen pistak ere jarraitzen ditu: Peter Stam, Birgit Vanderbeke, Arnon Grunberg, Uwe Time... Hauek literatura freskoagoa egiten dutela deritzo eta konbentzituta dago Euskal Herrian ere arintasun horren premian gabiltzala.

 
non dago muga?

Non dago ereduaren eta norbere estiloaren arteko marra? Non hasten da bat eta non bertzea? Galdera hauxe da «Zwei Frauen» nobelaren funtsa

aipuak fikzioan

Fikzioaren eta saiakeraren mugan ibili da idazlea, bi generoetako elementuak nahastuz. Horregatik, fikzioan ere aipatu ditu erabilitako iturriak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo