GARA > Idatzia > Ekonomia

Egun laborarien beharrik ba ote den planteatuko du seigarren Lurramak

Herri laborantza, iraunkorra, sustatzeko eta nekazaritza hiritarrengana hurbiltzeko xedea duen Lurrama azoka azaroaren 4tik 6ra igaroko da, baina ez Baionan ohi bezala. Aurten Biarritzeko Halle d'Iraty aretoan egitea erabaki dute antolatzaileek (aireportu ondoan).

p022_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren ekimez abiaturiko Lurrama azokan nekazariek gizarteari egiten dieten ekarpena aztertuko dute aurten. Hala adierazi zuen, atzo, Maryse Cachenaut elkarteko presidenteak, Didier Borotra auzapezarekin, Mixel Poueyts zinegotzi abertzalearekin eta beste antolatzaileekin Biarrizko Herriko Etxean egindako aurkezpenean.

Azken hamarkadan Akitania erregioan laborarien laurdena (Pirinio Atlantikoetan %20) desagertu denean, eta 2012tik goiti Nekazaritza Politika Komunaren erreforma eztabaidatzen hasiko delarik, laborarien lanak askotariko esparrutan (ingurumena, bioaniztasuna, kultura, paisaia, ekonomia...) duen eragina jorratu nahi dute.

Horregatik, «Gaur egun laborarien beharrik ba ote da?» esaldian laburtzen da seigarren edizio honen erdian jarriko duten gai nagusia. Horren harira, hainbat mahai-inguru eta film emanaldi antolatu dituzte.

Berritasunak

Aurtengo azokak hainbat nobedade izango ditu. Hasteko, tokia bera, oraingoan ez baita Baionan igaroko, Biarrizko Halle d'Iraty aretoan baizik.

Hiriburuan zituzten arazo teknikoek eragin dute aldaketa. «Badakigu Baionako Herriko Etxearen laguntzari esker sortu zela Lurrama, eta ez dugu esker txarrekoak izan nahi, baina urtero gunera iristeko eta aparkatzeko zailtasunak arazo ziren. Horregatik egin dugu aurten Biarrizko aretoaren hautua», azaldu zuen Cachenautek.

5.000 m2 estaliak, 750 doako aparkaleku, azpiegitura egokiak eta BABetik zein barnealdetik iristeko erraza izateak bultzatu dituzte antolatzaileak lekuz aldatzera.

«Toki gehiago dago, kabala gehiago izango dira eta hiri-autobusak maiz bertaratzen dira. Guztiontzat erosoago izango delakoan gaude. Dena leku berean bilduta giroa ere atseginagoa izango da», esan zuen Patxi Thikoipek.

Data da beste berrikuntza bat. Aurreko edizioetan Domuru Santu egunaren inguruan izaten zen, hau da, eskolak oporretan direnean. Aurten, ordea, opor garaitik kanpo igaroko da, hain zuzen, azaroaren 4, 5 eta 6an. Ostiral goizean sarrera doakoa izango da. Era horretan eskolekin elkarlana eta harreman berezia izateko aukera sustatu nahi dute.

Urtero bezala, «aita pontekoa» izango du Lurramak. Bordeleko Montesquieu unibertsitatean irakasten duen Jean-Marie Harribey ekonomialaria izango da aurtengoa. Ekonomia sozial eta solidarioan aditua, ostiralean hitzaldia eskainiko du.

Aurtengo lurralde gonbidatua Bretainia izango da. Ordezkaritza jendetsua espero dute. «Kabala batzuekin eta bertako mozkinekin jingo dira, baina, batik bat, beren eskarmentua ekarriko digute. Urteetan ekoizpen masiboan aritu ostean, laborantza iraunkorrerako bidea egiten ari baitira», gaineratu zuen Cachenautek.

Ohiko ekimenak ez dira faltako: kabalen gunean hogei arrazatik gora ikusteko aukera; haurren txokoan tailerrak (ura, birziklatzea, elikadura...), animazioak eta jokoak; sukaldaritza tailerrak; bertako ekoizleen azoka; artisauak, erakustaldiak, sukaldari ezagunek prestaturiko bazkaria; txarangak, dantza... Egitarau osoa www.lurrama.org helbidean kontsulta daiteke.

HIRU EGUN

Egunero 10.00etan irekiko dira Lurramako ateak. Sarrera 4 euro ordaindu beharko da (15 urtetik beherakoak kitorik). 19.00etatik aitzina, sarrera doakoa izango da gaueko afari eta kontzertuetarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo