EITBk kirolei tarte handiagoa eman eta gai sozioekonomikoak zokoratzen dituela salatu dute
EITBko albistegietan gai sozioekonomikoei emandako tratamenduak «klase interesen kontraesanak ezkutatzen» dituela eta «langile klaseari buruzko ikuspegi negatibo eta biktimizatzailea» erakusten duela dio LABek.
Ane ARRUTI | BILBO
Albistegietan gai sozioekonomikoak zokoratu eta «gizartea entretenitzeko» gaiak nagusi direla salatu zuen atzo LAB sindikatuak. Izan ere, «Betetzen al du EITB komunikazio taldeak bere zeregin informatiboa zerbitzu publiko moduan» galderari erantzunez, Aztiker ikerketa soziologikoen zentroak egindako azterketaren hirugarren zatia aurkeztu zuten, informazio sozioekonomikoaren tratamendua aztergai duena.
ETB1, ETB2, Euskadi Irratia eta Radio Euskadiren eguneroko albistegietako 1.065 albiste ikerketa oinarritzat hartuta, eremu sozioeknomikoari buruzko informazioak «oso tarte gutxi» betetzen duela salatu zuen LAB sindikatuak, %7,4 baino ez. «Gainera, informazio horrek desberdintasun sozialak eta klase-interesen kontraesanak ezkutatzen ditu», adierazi zuten. Kirol informazioa, berriz, %33koa da, eta horiek horrela, albistegien asmoa «gizartea entretenitzea» dela kritikatu zuen LABek. «Esanguratsua da ikustea nola, oraingo testuinguru sozioekonomikoan, kirolari (batez ere futbolari, %45) eskaintzen zaion denbora tartea, politikari, ekonomiari eta nazioarteko informazioari -hirurak batuta- eskaintzen zaionaren adinakoa dela ia».
Informazioak enpresari klasearen aldeko irudi estereotipatua eskaintzen duela ere adierazi zuten, «onura kolektiboari lotuta». Langile klaseari buruzko ikuspegia, aldiz, «negatiboa eta biktimizatzailea» da.
Lan istripuak, zoriaren ondorio
Ikerketaren arabera, lan istripuei buruzko informazioa oso eskasa da, eta aztertutako kasuen %85, zorte txarraren ondorio gisa aurkezten dira. «Oso larritzat» jo zuen LABek datu hori, «enpresariak inoiz ez dira erantzule moduan agertzen, hori ezkutatu egiten dute», esan zuten.
Krisi egoeraren harira, «erantzukizunik aipatu gabe eta kritikarik egin gabe» hitz egiten dela azpimarratu zuten. Egoera baloratzerakoan, «esanguratsu bezala eskaintzen den datua barne produktu gordina (BPG) da kasuen %72,7n, eta aberastasunaren banaketaren injustiziaz ez da hitz egiten inoiz». Langabeziari buruzko datuak ere, «patuaren ondorio» gisa azaltzen dira, «ez dute aipatzen krisia politika zehatz batzuen ondorio dela».
Azkenik, transmititzen diren balioek indibidualismoa (%62,6) indartzen dutela kritikatu zuten, hala nola lehia eta konfrontazioa, pribatizazioa, merkantilizazioa, arrakasta pertsonala eta meritukrazia.
Ipar Hegoa Fundazioan, Aztikerrek egindako azterlanarekin, EITB taldeak hedabide gisa betetzen duen rola aztertu nahi izan dute hiru faktoreren inguruan: lurraldetasunaren tratamendu informatiboa eta subjektu politiko bakoitzaren protagonismoa, emakumeen eta gizonen errepresentazioa eta informazio sozioekonomikoaren tratamendua.