GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Justiziarekin zorrak kitatu

 

Ricardo Garcia Damborenea 1995ean kartzelan sartu zuten Grupos Antiterroristas de Liberación taldeak egindako krimenak leporatuta. Den-dena ukatu zuen hasieran. Gero, ordea, onartu egin zuen parte hartu zuela eta ez zitzaiola damutzen, testuinguru hartan hura baitzen erantzuteko bide bakarra. Egunotan jakin dugu hilero 2.061 euro jasotzen dituela Kongresutik, dohain gisa, ez baitzuen denbora nahikorik eman (7 urte nahikoa zen) diputatuen gehiengo pentsioa eskuratu ahal izateko.

Aste honetan Euskadi saria eman diote Joseba Sarrionandiari, eta Eusko Jaurlaritzak esan du erabakia onartzen duela, baina ez diola dirurik emango «Justiziarekin egoera argitu arte».

Badaude aldeak kasu batetik bestera. Damborenea 1995ean sartu zuten kartzelan, zazpi urteko zigorraz, Segundo Marey bahitzeagatik. Sarrionandia 1980an sartu zuten kartzelan, 22 urteko zigorraz, Jose Garavilla bahitzeagatik. Damboreneak onartu egin du bahiketa agindu zuela. Sarrionandiak ez du inoiz onartu bahiketa. Damboreneak urte gutxi batzuk eman zituen barruan justiziarekin kolaboratzeagatik eta ate nagusitik atera zen. Sarrionandiak bost urte eman zituen, eta bafle baten barruan atera zen espetxetik. Damborenea etxean dago gozo. Sarrionandia sasian dago. Damboreneak 16 urte darama kongresutik dirua kobratzen. Sarrionandiari sariaren dirua ukatu diote. Damboreneak GALen apologia publikoa egin du. Sarrionandiak 1998tik esaten du gerrari eustea negatiboa dela eta bortizkeria ez dela eraginkorra.

Jaurlaritzak eskatzen dio Sarrionandiari zorrak kitatzeko Justiziarekin. Hain zuzen ere, Damborenea kalean utzi, babestu eta diruz mantentzen duen Justizia berberarekin!