Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiak ere mehatxu gutun bat jaso du
Bilduko beste hainbat hautetsik uztailean jaso zituzten mehatxu gutunen antzera, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Aldundiko kabinete buru eta alkate ohiak hilko dutela dioen eskutitz bat jaso duela salatu dute.
GARA | DONOSTIA
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Aldundiko kabinete buru eta Azpeitiko alkate ohiari Azpeitiko udaletxera bidalitako gutun baten bidez heriotza mehatxua egin diotela salatu zuen Gipuzkoako Aldundiak eta babes osoa adierazi zion kaltetuari.
«Kabinete buruaren kontrako mehatxuak larriak dira oso, baina ez dira inola ere oztopo izango Foru Gobernu honen eguneroko lanean», nabarmendu zuen Gipuzkoako Aldundiak.
Halaber, azkenaldian beste hainbat arduradun publiko eta herritarrek gutun bidez antzeko mehatxuak jaso dituztela salatu dutela nabarmendu zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta horiei ere babes osoa adierazi zien.
«Ildo honetatik, gogorarazi nahi dugu Gernikako Akordioak inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea eskatzen duela, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa, eta gobernu honek bat egiten duela eskaera horrekin», gaineratu zuen Gipuzkoako Aldundiak.
«Berria» egunkariak azaltzen duenez, uztailean iritsi zen herri honetako udaletxera Errazkinen aurkako mehatxuak dituen gutuna, baina irailera arte ez zuen jaso.
Hain justu, uztailean antzeko mehatxuzko gutunak jaso zituzten Lasarte-Oriako alkate Pablo Barriok eta Andoaingo alkate Ana Karrerek, biak Bildukoak.
Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak (Bildukoa) mehatxu gutun hori-dela-eta salaketa jarri zuen irailaren 28an. Salaketan jasota gelditu da eskutitz originala, eta gutuna uztailean jaso zuten arren, abuztuko oporrak amaitu arte ez zela Errazkinengana iritsi argitzen du.
Eskutitza Matxinbentatik bidalia dela jartzen du igorleak eta izen-abizenak jarri dizkio, baina Lasarteko eta Andoaingo udaletxeetan jasotakoen gisan faltsuak direla uste da.
Mehatxu tonu garbian idatzita dago Errazkinek jaso duen eskutitza. «Espainian ohituta gaude gaitz handiei konponbide handiak jartzen eta zuek zarete gaitz hori, zoramenez eta aberekeriaz beteak». «Terrorismoa» baino ez egitea egozten dio Errazkini, euskal herritarren artean «amorrua» zabaltzeaz gain. «Baina guztiaren gainetik, lurralde baskongadoak Espainia izango dira aurrerantzean ere, eta zuen unea iristen denean, espainiar gisa hilko zarete gure nazka eta arbuio guztiaz lagunduta».
Lasarteko eta Andoaingo alkateek jasotako eskutitzen berdina da Errazkini bidalitakoa. Uztailean jaso zituzten gutunak bi alkateek, ekainean kargua hartu ostean, eta salaketak jarri zituzten biek. Andoaingo kasuan, Joseba Barandiaran alkate ohiarentzat ere bazen eskutitza. Gainera, Karrerek bere udal taldearen babesarekin emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuen horren aurretik beste hiru eskutitz ere jaso zituela.
Eskutitzak bi alkate horiek jaso zituzten arren, mehatxuak Bilduko hautetsi guztiak jartzen zituen jomugan.
PSOEren kontra ere egiten du eskutitzak. Gobernu espainola «ahula, ergela, baliorik eta nortasunik gabekoa eta kudeatzaile txarra» dela dio, eta Bildu erakundeetan egotearen ardura bere gainean uzten du. «Gertatuko den guztiaren eragile izango dira haiek, zuekin batera; sortuko duzuen min, ezinegon eta arazo guztien eragile».
Errazkinek jaso duen gutuna Koldo Arana Garmendia izenarekin sinatuta dago, eta Mantxinbentako Basetxe etxetik bidalita dagoela azaltzen da. Mantxinbentan, ordea, ez dago Basetxe izeneko etxerik eta agertzen den posta kodea ere okerra da.
Lasarte-Oriako alkate Pablo Barriok eta Andoaingo Ana Karrerek antzeko gutunak jaso zituzten uztailean. Iñaki Errazkini zuzendutakoa ere uztailean igorri zuten, baina abuztuko oporrak pasa arte ez zuen ireki.