Zaramaga auzoko meskita martxan jartzea legearekin bat datorrela dio Arartekoak
Gasteizko Zaramaga auzoan meskita bat martxan jarri nahi duten musulmanek legearen babes osoa dutela eta bertako Udalak hori bermatu behar duela adierazi du Arartekoak.
GARA | GASTEIZ
Gasteizko Zaramaga auzoan eraiki nahi duten meskitak piztutako polemika dela-eta, egitasmoaren sustatzaileek kultuko zentro bat martxan jartzeko legearen erabateko babesa dutela nabarmendu zuen Arartekoak. Horrez gain, Udalak legea betetzen dela zaindu behar duela gaineratzen du.
Ultraeskuindar auzo elkarte batek mobilizazioak antolatu ditu Zaramagako meskitaren aurka eta Gasteizko alkate Javier Marotok Arabako hiriburuan meskita gehiegi zeudela bota zuen Radio Vitorian egin zioten elkarrizketa batean.
Hauteskunde kanpainan PPk meskitaren aurka dauden talde eskuindarrei sostengua eman zien eta otoitzerako atondu nahi den lonjan svastikak margotu zituzten eta txerrikia bota zuten.
Marotok berak kolaboratzeko eskatu die publikoki meskitaren sustatzaileei, eta aurreikusita dagoen tokian egin beharrean beste nonbait egitea egokiagoa izango litzatekeela adierazi du.
«Udalaren bitartekotza-lanak jardueraren sustatzaileen eta auzokideen arteko solaskidetza atxikitzeko balio behar du, jarduera egiteko eskubide legitimoa erabiltzeko hirugarrenei eraginik edo eragozpenik sortu gabe», gaineratzen du Arartekoaren ebazpenak.
Zentzu honetan, «bitartekotzak ez du inola ere zalantzan jarri behar jardueraren sustatzaileek kultuko zentro berriak irekitzeko duten eskubidearen erabilera», dio Arartekoak.
«Alboko pertsonek edo prozesuan interesa dutenek eskubidea dute administrazioko izapideei buruzko nahikoa informazio izateko, balizko eragozpenak ezartzeko prozeduran parte hartzeko eta zuzenketa neurriak ezartzeko prozesuan parte hartzeko. Halaber, jarduera hasitakoan, erabileraren ondoriozko balizko eraginak arintzeko edo konpontzeko ezarritako zuzenketa neurriak betetzea exijitu dezakete», esan du Arartekoak.
Bestela esanda, meskita eraiki nahi dutenek horretarako eskubide osoa dute eta legearen babesa dute, baina auzokideei trabak ez sortzeko neurriak hartu behar dituzte. Auzokideek, berriz, ezin dute eskatu meskita eraiki nahi dutenei horretarako baimenak ukatzeko, baina traba horiek ahalik eta txikienak izan daitezela edo erabat desagertzeko beharrezkoak diren neurriak ezar ditzatela eska dezakete.