GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Bakartxo Ruiz Jaso Bilduko parlamentaria

Nafarroako osasungintza arriskuan

Beste eredu bat posible da, fiskalitate sistemaren eraldaketari helduko diona eta lehentasunezkoak ez diren proiektu erraldoiak baztertuko dituena

Krisi egoeraren aitzakiapean, hainbat eskubide jarri ditu kolokan Nafar Gobernuak. Herritarrok urteotan lortu ditugun ongizate arloko hainbat oinarrizko eskubide. Ez da egoera berria, baina areagotzen ari da eta ikusteke-pairatzeke dugu hemendik aurrera etorriko zaiguna. Osasun arloan gertatzen ari dena aztertu besterik ez dago. Esaten dute sektore batzuek gaia politizatu egin nahi dugula, alarmismo faltsua sortzen ari garela, jendarteak ez duela zertan kezkatu, Gobernuak hartu dituen erabakietan osasun arloa bereziki zaindu dela, 35 milioiko «ajustea» besterik ez dela egin... Eskerrik asko.

Saldu nahi digute erabiltzailea ardatz duen kudeaketa izango dela helburua. Marta Vera kontseilariak etengabe errepikatzen du aurrekontuko ahalik eta partida gutxien «ukitzen» saiatu direla, gure osasun sistema publikoa ez dela kaltetua izango, eta herritarrei eskaintzen zaien arretarekin lotura zuzenik ez duten partidak lehenetsi dituztela murrizke- tak egiteko. Ez iezaguzue gezurrik esan! Ezin dira prestazioak eta arreta mantendu, are gutxiago hobetu, abian jartzen ari diren berrantolaketa eta neurriekin.

Eta, gainera, murrizketa horietako batzuk justifikatu nahian, Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuekin parekatuta geratuko direla diote. Hortzetako arretaren adin tartea murriztea, 15 urtera arte. Estatuan bezalaxe. Tabakoaren mendekotasunari aurre egiteko tratamenduen finantziazioa kentzea. Estatuan bezalaxe. Itxaron zerrenden epeak arautzen zituen «Ley Foral de Garantias» delakoa bertan behera utzi dute, momentuz. Itxaron zerrendak luzatzen ari diren une honetan, legezkoa izango da 6 hilabeteko epea ematea ebakuntza edo espezialistarekin hitzordua izateko. Estatuan bezalaxe. Berriz ere, non geratzen da ahotan darabilten Nafarroako osasun sistemaren aitzindaritza? Azkenetan azkena izateko bidean...

Saldu nahi diguten mundu arrosa horretan, kontseilariaren helburu estrategikoetako bat osasun erabiltzaile zoriontsuak lortzea omen da. Hori esan zigun, hitzez hitz, Parlamentuan egindako lehenengo agerraldian. Harrigarria, benetan.

«Zoriontsu» izateko modukoa, itxaron zerrenden luzapena eragingo duen neurria ezarri dela ikusita. Edo, agian, Sarrigurengo biztanleen «zoriontasun» mailaz hitz egin daiteke. Izan ere, 2 urteko atzerapenez, baina Osasun Etxea ireki egin diete, azkenean. Berandu eta gaizki, hala ere, bizilagunek ongi dakiten moduan, eta hilabeteetan aldarrikatu eta salatu duten moduan. 11.000 erabiltzaileri 3 sendagile eta bi pediatra dagozkie. «Zoriontsu» izateko moduko egoera eta, bereziki, ez gaixotzeko modukoa!

Eta «zoriontsu» izateko modukoa, era berean, ospitalean egon behar duten herritarrak ongi elikatuta egongo direla bermatzen dela jakitea. Sukaldeko zerbitzua oso ongi baloratu dutelako beti erabiltzaileek, kalitatezkoa izan delako. Erabiltzaileei arreta egokia emateko ezinbestekoa baita, eskatzen duen pertsonalizazio maila aintzat hartuta. Baina zerbitzua, neurri batean behintzat, pribatizatu egingo da, eta janaria kanpotik ekarri. Aspaldi hartua zen erabakia da, eta une eta egoera hau aprobetxatuz ezarriko da. Erabateko zoriontasuna.

Nekazaritza eremuetako erabiltzaileak ere, zoriontsu. Kontsultak berrantolatu eta kontzentratu egingo dira. Honek esan nahi du Nafarroan zehar sakabanatuta dauden 224 kontsultorioak gutxituko direla, eta medikuarengana joateko herritik kanpo joan beharko dutela herritarrek. Erabiltzaile hauen profila eta batez besteko adina ere kontuan hartuz, ez dirudi eskainiko zaien arreta berbera izanen denik, ezta zoriontsuago egingo dituenik.

Eta ez dezagun txanponaren beste aldea ahantz: erabiltzaile zoriontsuak lortzeko bidean, langile zoriontsuak edo behintzat, gutxieneko asetze maila duten langileak ere izatea ezinbestekoa izanen da, ezta? Beren egoerari eta lan baldintzei daukaten garrantzia eman beharko zaie, ezta? Kontseilariak behin eta berriro ukatzen du Osasunbideko langilerian murrizketarik izan denik. Baliabideen optimizazioari begira berrantolatze lanetan ari direla eta berrantolaketa hori oraindik erabat zehaztu gabe dagoela, mahai sektorialean, sindikatuekin adostu nahi dutelako. Ez dezatela honetan ere gezurrik esan. Nork sinets dezake murrizketetan oinarritutako politika honek langileengan eraginik izanen ez duenik? Zein da piezarik ahulena, erabiltzaileekin batera?

Azkeneko hiruhileko datuak oraindik ere ezagutu gabe, azkeneko urte eta erdikoei erreparatzea besterik ez dago: 2009tik 2010eko ekaina bitartean 1.200 lanpostu galdu dira Osasunbidean. Murrizketa hauek ez dira orain hasi, eta ez dira hemen amaituko. Iragan den udan ez da ordezkapenik egin, bakanteak ez dira bete... Ez da ikertzaile izan beharrik horretaz jabetzeko. Eta udaren ondoren ere, kontratazioak blokeatuta jarraitzen du. Erizainen sektorean gertatzen ari dena da nabarmenena, baina arlo guztiei dagokie arazoa, oro har. Egoera larria da, eta langileek daukaten lan zamak eragin zuzena du zerbitzuen kalitatean.

Egoera behin-behinekoa dela diote. Nork sinets dezake? Eta heldu den urteko aurrekontuetarako zer planteatuko digute? Horren aurrean, garbi izan behar dugu pertsonen ongizatearekin lotutako arloak ukiezinak direla, eta Gobernuak ezin digula saldu herritar xumeak garela ahalegina egin behar dugunok. Beste eredu bat posible da, fiskalitate sistemaren eraldaketari helduko diona eta lehentasunezkoak ez diren proiektu erraldoiak baztertuko dituena. Pertsonak lehenetsiko dituena zementuaren, goi-karguen diru-sarien eta gehiegikerien gainetik.

Kudeaketan pertsonak baitaude beste ezeren gainetik, eta Gobernu eskuindar honek besterik saldu nahi digun arren, beren politika egiteko moduan pertsonak ez dira ardatz. Beren politika, herritarrok nahi eta behar dutenaren aurkakoa da. Eta beste eredu bat nahi dugunok ozen salatu eta aldarrikatuko dugu hori, instituzioetan, lanpostuetan eta kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo