Aresek ezin zurituzkoa zuritu nahi izan zuen
Errekaldeko bizilagunek inork baino hobeto zekiten Kukutza kultur eredu desberdin eta berritzaile baten erakusgarri ederra zela. Onartzeaz eta sostengatzeaz gainera, ondaretzat zuten. Baina alkateak ezin argiago esan zuen legez, berak jabetza pribatua babestu behar du lehenik. Eta, bide batez, espekulazioa. Babes horren izenean egiten den guztiak legearen babesa du aldi berean, baina herritarren begietan lotsagarria denean, erasotzaileak erasoa jasan duenari bortizkeriaren errua leporatzen dio maiz. Milaka bilbotar lekuko izateaz gainera, badira nahikoa irudi Errekalden egun horietan izandako polizia-gehiegikeriak agerian uzten dituztenak. Hala ere, Rodolfo Ares Barne sailburuak duela aste bi esandakoa berretsi zuen atzo Gasteizko Parlamentuan, Ertzaintzaren portaera bortitza erakusten duten irudiak ikusi ondoren; areago, jokabide onartezin hori erakusten duten irudiok Ertzaintzak «bere lana ondo egin» izana erakusten dutela esan zuen, eta, nahikoa iseka ez balitz bezala, Errekaldeko istiluak gaitzesteko eskatu zien gaztetxekoei. Indarkeria hori guztia prozedura «profesional eta neurrikoa» baldin bada, arazo handia du gizarte honek bere segurtasuna noren eskuetan dagoen ikusita. Atzotik, irudi horiez gain, Gasteizko Parlamentuan ertzainen gehiegikeriak ikustean Aresek erakutsitako irribarrea ere badago ikusgai.