GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hemen da Maritxu Kajoi, «dotore ez, dotorez» jantzi beharreko eguna

Iritsi da Arrasatera apain-apain jantzita irteteko eguna. Izan ere, urriaren lehenengo ostirala Maritxu Kajoi festa ospatzeko eguna da Debagoieneko herri honetan. Txarangek, lore eskaintzek, dantzaldiek eta santuak urtero egiten duen mirariak hartuko dituzte gaur herriko kaleak, goizeko zortzietatik herritarren eta bertaratuen indarrak agortu arte. Aurten, urteroko programazioan aldaketa bat sartu dute eta kale animazioa Irrien Lagunen esku izango da.

p019_f01_148x132.jpg

M. LARRINAGA | ARRASATE

Maritxu Kajoi festa Arrasateko txikitero baten ateraldiaren fruitua omen da, eta arrasatearren egutegian egun garrantzitsuena izaten jarraitzen du, antolatzen hasi zirenetik hogeita hamabost urte bete direnean. Herriko parrokiaren atzean dagoen Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren omenez ospatzen da jaia, txikiteroen zaindaritzat hartzen dutena. Zurezko kutxa baten barruan dago eta hortik datorkio deitura festari.

Arrasatera hurbiltzeko asmoa dutenek argi izan behar dute nola azaldu bertara. Izan ere, dotore janztea derrigorrezkoa da Maritxu Kajoi festan. Alabaina, «dotorez» janztea eta «dotore» janztea ez da gauza bera. Maritxu Kajoiren batzordeko kideek programazioan ohartarazten dutenez, «Arrasate ez da Cibeles». «Hasieran txikiteroak pertsona dotorez janzten hasi ziren. Elegantez mozorrotzen ziren adarra jotzeko. Agian, denborarekin, zentzua galdu egin da, eta orain jendea `elegantez' jantzi beharrean `elegante' janzten da. Egitarauan ere ipini dugu jai hau ez dela Cibeles; hori da gure kezka, elegantez janzteko txantxa hori galdu delako eta orain jendea egun horretarako ileapaindegira joaten delako. Parodiatu nahi zen hori bihurtu da jaia. Ez dugu kanpaina potenterik abiarazi, elegante janztea jendearen ilusioa ere izaten delako», azaldu du Haritz Zubiate Maritxu Kajoi batzordeko kideak.

Urtero alboko herri bati zuzenduriko txantxa egiten dute; izan ere, programazioaren oinarria umore ona sortzea da. Aurten, oñatiarrei egokitu zaie, Albako dukesaren ezkontza dela-eta: «Zorionak oñatiarrei, hango jabie Cayetana Fitz-James Stuart, Albako dukesa ezkonketan da-ta», dio programazioak. «Aurten, Oñatikoen aurka jo dugu hala zelako, baina ia urtero Aretxabaletakoen aurka jotzen dugu. Inguruko jendea zirikatzeko egiten dugu; ez du inongo zentzurik, zirikatzeagatik bakarrik da. Hemen egitarauan gehiengoa txantxa dela argi ikusten da», argitu du Zubiatek.

Umore horren erakusgarri, egun berean urteak betetzen dituztenen zerrenda egiten dute. Bakoitzak ezizen bat jasotzen du eta horrelakoak izan ohi dira: Rosario Uranga Arregui, Gaztiena; Rosario Hidalgo Marquez, Markesie; Emilio Iglesias Cuevas, Espeleologue; Maria Rosario Andres Garcia, Kosmonautie; edota Mikel Vinagre Davila, Ozpindue.

Aurten ez da kontzerturik izango; horren ordez, gaueko hamabietan Kondekua zelaian jarri dituzten txosnetatik hasita, Skandalue hasiko da elektro-txarangak eskainitako musikarekin. «Ez da kontzerturik izango, baina giroa egongo da», ziurtatu du Zubiatek.

Iluntzeko zortzi eta erdietan kuadrillek loreak eskainiko dizkiote Maritxuri, eta gero Maritxuk, urtero egiten duen moduan, mirari bat egingo du herritarren eta bere jarraitzaileen aurrean herriko elizan duen bere kaxatik. Nork daki zer egingo duen aurten birjinak.

MIRARIA

20.30ean egingo du Maritxu Kajoik, urtero bezala, miraria. Kuadrillen lore eskaintzaren ondoren, nork daki zer sorpresa ekarriko duen.

IRRIEN LAGUNAK

Kale animazioa Irrien Lagunen esku izango da aurten. Saioa 17.30ean hasiko da herriko plazan eta Seber Altube plazaraino joango da. Euria eginez gero, Biteri plazan amaituko dute ibilbidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo