GARA > Idatzia > Kultura

Jabier Muguruzak bere obrarik intimistena sortu du, «Bikote bat»

Hamaikagarren diskoan, Jabier Muguruzak muturreraino eraman ditu bere musikaren ezaugarri diren giro intimista eta isiluneen erabilera. Horregatik, bere ahotsa, akordeoia eta Mikel Azpirozen pianoa aditzen dira soil-soilik, tarteka Mireia Otzerinjauregiren koroek lagunduta.

p046_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Kontent zegoen Jabier Muguruza, euforiko ere bai, aitortu zuenez -«Eta zer? Euskaldunok beti beldurrez euforia erakusteko...»-, obra berri bat aurkeztera zihoalako eta hori «berez delako oso pozgarria». Are gehiago, artista diskoarekin gustura gelditu bada. «Bikote bat» laneko protagonistak, Muguruza eta Mikel Azpiroz, biak agertu ziren harro bai diskoa osatzeko prozesuarekin bai emaitzarekin. Irundarra amerikana eta guzti joan zen prentsaurrekora, «ezkontza batera bezala», eta gauean ardo kopa bat ere hartzekoa zen «festa eguna» ospatzeko.

«Egin duguna transmititzen saiatuko gara. Zerbait garrantzitsuaz ari gara, eta agian zuek ere ospatuko duzue», erran zien Victoria Eugenian bildutako kazetariei. Euskal poeta entzutetsuen testuekin osatuta daude kantuak: Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Harkaitz Cano, Gerardo Markuleta eta Jose Luis Padron agertzen dira sinaduren artean, kantariaren ohiko kolaboratzaileak, nahiz eta bost urtetatik akordeoia jotzen duen musikaria ez den ohitzen «ohiko» erratera, «ezta nahi ere» gainera. Lehenbizikoz agertzen diren izenak ere badira: Lourdes Oñederra, Rikardo Arregi eta Javier Rodriguez Marcos.

Diskoa bi etapatan grabatu dute: aurrena, El Vendrelleko auditoriumean, Mikel Azpirozen piano doinuak; eta gero, Azkarateko Katarain Estudioetan, Jabierren ahotsa eta eskusoinua, baita Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere. Jackson Brownek ere abesten du eta bere ahotsak Santa Monicako Groove Masters Estudioetan grabatu dituzte. Muguruzak hamar kantu konposatu ditu eta Azpirozek bat, instrumentala, «Jolasean».

Lehen emanaldia, Donostian

Musikariek azaldu zutenez, kontzertuetan inoiz baino gehiago erakutsiko dute diskoan zer dagoen, horixe bera emanen dutelako zuzenekoetan. Kontzeptu eta eduki bera izanen dute diskoak eta kontzertuek. Lehenbiziko emanaldia azaroaren 4an izanen da Donostian; 5ean Banyolesen joko dute eta 9an Bilbon. Urtarrilaren 13an Lleidan izanen dira eta 20an, Madrilen. Euskal Herrian eta kanpoan ibili nahi dute.

Lan puntualen bat kenduta, 1999an «Fiordoan» egin zutenetik ez ziren Azpiroz eta Muguruza pisuzko proiektu batean elkarrekin aritu, baina adierazi zutenez, harreman profesionala izateaz gain lagunak ere badirenez, «oso naturala» izan da pianoaren eta ahotsaren arteko elkarrizketa. Diskoa bukatu eta tarte baten ondotik zuzenekoetarako entseatzen ari zirela -bat-batean pianoa isildu egiten zen, abeslariak esaldi bat erraten zuen asmo zehatz batekin eta joko bat egiten zuten bien artean- harrituta aipatzen omen zion Muguruzak Azpirozi zein ongi zihoan tempoa edo abiadura, «oso zaila baita».

Arrazoirik bazuten, beraz, ardo kopa hori gustura hartzeko!

ISTORIO BITXIA

Harkaitz Canoren liburu bat irakurtzen ari zela, arreta eman zion Muguruzari aipu batek: filmetan, gizonak eskua kokotsean pentsatu ohi du; emakumeak, aldiz, zutik, leiho ondoan. Ideia horrekin testu bat idazteko eskatu zion.

BALANTZE ONA

Irungo artista «oso harro» dago bereziki 1994tik kantautore gisa egin duen ibilbidearekin, eta, erran zuenez, atera dituen hamaika diskoak defenda ditzake bere osotasunean, batasun bat dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo