Leire Bilbaok identitatea azaltzen du «Scanner»-en, garden eta soiltasunez
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Déjà vu» sentsazioarekin aurkeztu zuen atzo Leire Bilbao ondarroarrak «Scanner» bere bigarren poema liburua, orain dela bost urte «Ezkatak» kaleratu zueneko leku berean, Gorka Arrese Susako kidearen ondoan eserita berriro eta honek modu berean begiratzen ziola. Baina «planteamendu berriarekin» etorri zen eta, Arresek nabarmendu zuenez, lan «biribilagoarekin». Ausartagoa eta zuzenagoa forman zein edukian, zehatzagoa eta gardenagoa. Soiltasunaren aldeko apustua ere egin du.
Idazleak kontatu zuenez, izebari hamaikagarren aldiz belauna ikusteko eskanerra egitera lagundu zionean bururatu izanen zitzaion liburuaren izenburua, edo bertzela gerrikoa kenduta eskaner batetik pasarazi zutenean, edo lanean eskanerra jarri zutenean... Aparatu hori eguneroko bizitzako elementu bilakatu zaigula ohartu zen eta idazten ari zen poemak ere eguneroko kontuez zirenez, pentsatu zuen ongi zetorkiola «elementu hotz eta a priori ez poetiko» horren izena.
Eskanerrak irudi bat hartu eta gorde egiten du, edo barrenera begiratu eta ikusitakoa agerian jarri; «idaztean ez al dugu gauza bera egiten?». Bilbaok ere introspekzio ariketa bat egin du, ingurura begira ere jarri da eta sei atal idatzi ditu, bakoitza gai bati buruz. Halere, bada hari bat denak lotzen dituena, identitatea. «Hemengo eta oraingo norbanako batena, batzuetan emakume ahots nabarmenarekin».
«Amaz erditu naiz»
Lehenbiziko atalean, «Amaz erditu naiz» izenekoan, familiaz ari da. «Berandu jaio zinen/ esaten zidan amak./ Bi astez berandutu nintzen/ munduari beldurrez./ Beste bi astez izan nintzen/ arrain gorri amaren urontzian/. Hiru kilo seiehun/ argitu zion irrati-telefonoz aitari./ Ipurdiko bat eta/ negar egin nuen aitarentzat./ Nire alaba!/ Nire alaba!/ entzun zen brankan./ Ondo gabiltza arrantzan/ cambio y corto/ Gau hartako marinelen edariak/ aitaren kontura izan ziren./ Gau hartan aitak pozik egin zuen lo./ Sei hilabetera ezagutuko zuen/ amaren amuko arraina./ Bere besoetan hartu ninduenean/ lehen aldiz igeri egin nuen itsasoan./ Badakit ez zela nire negarra/ gazitasun busti hura». Hala dio «Terra Nova» poemak.
Bigarren zatia, «Paperezko deiak», sorkuntzaren, literaturaren eta Bilbaoren idazle kuttunen lekua da; eta hirugarrena, «Galdera bat da gorputza», gorputzarena, sorkuntzarako eta plazererako bide bezala. «Zakurrak labadoran» hurrengo atalera surrealismora jotzen du idazleak eta «Asfalto gosea»-n bideak agertzen dira. Poema guztietan dago ibilgailu bat, izan autobusa, trena edo konboia.
Liburua ixten duen atala, «Elurraren isiltasuna», azkenik, norabideen ingurukoa da. «Nora noa? Non nago?», galdetzen du idazleak, elurra egiten duenean dena estali eta isiltzen delako eta ez dakigulako noiz eginen duen berriro elurra edo noiz urtuko den.
Liburua baloratzeko, «onena zuen eskanerretik pasatzea» izanen dela erranez bukatu zuen aurkezpena Bilbaok.