Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren beharraz foroak antolatu ditu Baterak
Egoera «heldua» dagoela-eta, herri-elkargoaren beharra agenda politikoan mahaigaineratzeko, herri-eztabaidak antolatu ditu Batera plataformak kantonamendu guztietan. Azaroaren 18 eta 19an burutuko dira.Arantxa MANTEROLA | BAIONA
«Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionalaren gaiak 30 urte darama debate politikoaren erdian. Egun, egoera hau aski ondua dago, baldintza guztiak bilduak eta orain da garaia ezagupen hori lortzeko. Borondate politiko pixka bat falta da eta azken zerrapo hori gainditu behar dugu» adierazi zuen, atzo, Baionan Jakes Borthairuk, Martine Bisauta eta Sebas Castetekin egindako agerraldian.
Batera plataformaren ordezkariek mobilizazio-fase berri bat iragarri zuten. Beren ustetan, une honetan gori-gorian dagoen lurralde kolektibitatearen erreformaren «mehatxuak, batez ere, pays egituren desagertzea -Ipar Euskal Herri mailan dagoen bakarra-, eta botere publikoen aldetik lurralderako inolako proposamen koherenterik» planteatzen ez denean, gaia «berriro indar biziz mahaigaineratzea» premiazkoa da.
Hala erabaki zuten uztailaren 6an egindako biltzar nagusian eta, Borthairuk gogoratu zuenez, «duela bi urteko herri-kontsultan parte hartu zuten gehienek lan horrekin segitzeko emandako manua betetzea» litzateke.
Baldintza «egokien» artean ere Hego Euskal Herrian finkatzen ari den giro politiko berria aipatu zuen: «Maiz hango egoera korapilatsua kutsatzeko arriskua izan da zenbaitzuk jarritako aitzakia Ipar Euskal Herriko eskakizunari muzin egiteko. Eta aitzakia hori ere desagertu da».
Iazko martxotik egin duten lana nabarmendu zuen, besteren artean, euskal kontseilari guztiekin izandako bilkurak, Korsikako adibidean oinarrituta orain hilabete batzuk egin zuten aitzin-proposamena, hauteskunde guztietan hautagaiei egindako interpelazioak edota etengabe gaia gizarteratzeko egindako lana.
Irtenbide hoberena
Gainera, beste egituretan ere, Garapen eta Hautetsien Kontseiluetan esaterako, gaia eztabaidatzen ari dira une honetan. Batera konbentzituta dago hiru lurraldeak bilduko lituzkeen herri-elkargo bat eratzea dela «irtenbide hoberena» eta hori nahi dute helarazi herritarrei.
Xede horrekin azaroaren 18 eta 19an herri-eztabaidak antolatu dituzte kantonamendu guztietan. «Eztabaida irekia eta partehartzailea» izatea nahi dute. «Herritar orori dagokion gaia denez, herri-elkargo baten alde zein aurka izan, denak bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu» esan zuen Castetek.