Irudimena eta oroimena bitarteko, Rafa Egigurenek gauza guztiak gorde ditu liburu batean
Rafa Egigurenen «Gauza guztiak» lan berria tipula bat bezalakoa da; antzinako taoisten parabolak ditu muin gogorrean eta geruzetan daude txinera, Tang garaiko olerkiak eta idazleak bizi izandako esperientziak.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Bada mende laurdena Rafa Egigurenek (Hernani, 1948) Txinan denboraldi bat eman zuela ikasten, baina «Ekialdeko haizearen urre epelak sakon ukitu» zuenez, liburu bat idatzi du orduko ohar-sorta eta oroitzapen lausoetatik eta geroztik irakurri dituen hainbat lanetatik abiatuta. Pamielako Jose Angel Irigarayk atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez, saioa eta testigantza nahasten dituen obra hau ez da gai zehatz bati lotua, «hori baino gehiago da», bere bizipenak agertzen dira, han ikasitakotik bildutako uzta. Eta bere esperientziaren kontakizunarekin batera, Txinako kulturaren zatitxo baten berri ematen du, hitz eta esaldi batzuk txineraz emanez gainera, bakoitza bere itzulpenarekin. Hala, kultura honen oihartzun bat ekartzen du euskarara.
Aitzinetik olerki liburuak, nobelak eta itzulpenak argitaratuak dituen idazleak eltzearekin konparatu zuen liburua. «Ura eta sua ez dira bateragarriak, baina, eltzea bitarteko, zaporeak nahasi eta batera litezke», erran zuen aspaldi Wen maisuak. Egigurenek agertu zuenez, oroimena izan daiteke ura; sua, berriz, irudimena. «Irudimenak eta oroimenak txanponaren aurpegia eta gurutzea bezain kontrajarriak ematen dute, baina biak bitarteko, gauza guztiak gorde litezke liburu batean».
Izenburuak badu zerikusirik Egigurenek Txinan izan zuen irudipen batekin ere: «Alderdi hartan dena da neurrigabe, dena da zenbakaitz». Jose Luis Zumetak egin du azala, eta bertan, txinerazko esaldi bat ere agertzen da, «Hamar mila gauza», dio, txinatarren arabera zeru azpian hamar mila gauza daudelako zehazki. Gauza guztiak eta hamar mila gauza sinonimoak dira, hortaz.
Aldaketa da irauten duena
Orain dela 25 urte idazleak bisitatu zuenetik «ikaragarri aldatu da» Txina, baina «hor ere badira geruzak eta liburuan dagoena ez da batere aldatu, hango kultura da, gaur egunera ailegatu zaiguna». Kontatu zuenez, hamaika milioi biztanleko Goizuetak ikusi zituen, jendea baserrietan bizi zen. Zaldiz ere ibiltzen omen ziren eta militarrez jantzita, gizonak zein emakumeak. Jada ez dira zaldian ibiliko, etxe orratz ikaragarriak eraiki dituzte, baina, Egigurenek azaldu bezala, zibilizazioaren funtsa hizkuntza eta kultura dira eta hagitz barrenean dauzkate biak. «Barruko indar hori da oraindik irauten duena. Aldaketa da irauten duen bakarra eta eurek badaukate Mendebaldeko eragina, gero eta gehiago segur aski, ez dute oinarria galtzen, ordea».
Bitxikeria gisa, oroitarazi zuen orain dela mende laurden anitzek erraten zutela bazekitela munduko bigarren potentzia izanen zirela.
Euskaldunek Txinan egindako urratsak azaltzen ditu Rafa Egigurenek. Pilotari eta jesuita anitz ibili dira, eta azken hauena omen da txinera-gaztelania hiztegirik onena, 6.000 sarrerakoa. «Lastima, euskaraz ez egin izana». Bere berri ere ematen du eta harresiaren atzean eta, aldi berean, ate-joka» dugun Erdialdeko Erresuman nola moldatu zen ekartzen du gogora. «Bizi osoan bezala, galduta». Bigarren aldiz bataiatu zutenekoa kontatzen du, adibidez; Lafeier jarri zioten txinerazko izena. Tonua propio oker ebakita, izengoitiak asmatzen omen dituzte eta Lafeier erraz bihurtu omen liteke «alproja belarrimotza». M. I.