GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TRAS LA DECLARACIÓN DE AIETE

Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi Parisen esku-hartzea bultzatzeko prest

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Betidanik, euskal gatazka deiturikoa «espainolen afera» dela aitzakiatzat hartu izan dute Estatu frantseseko buruzagiek. Alta, Aieteko Bakearen Etxean gertatutakoaren ostean, erabateko baieztapen horiek zertxobait pitzatzen ez ote diren hasi galdetu daiteke.

Izan ere, bertan izan ziren Ipar Euskal Herriko zenbait hautetsik irteterakoan egin zituzten adierazpenak entzunda, gauzak aldatzen hasi direla pentsatzeko arrazoirik badago. Parisek konponbidean esku-hartzeko premia aitortzen zuten gehienek. Are, «esku-hartze hori bultzatzeko» bere ahalegina egiteko prestutasuna agertu zuten.

Hala, Max Brisson UMPko kontseilari nagusi eta Biarrizko zinegotzia «Konferentziaren ildotik doazen elkarrizketa guneetan» parte hartzeko prest azaldu zen. Ez hori bakarrik; hiru lurraldeetako hautetsiek hurrengo urratsak «arretaz behatuko» dituzte, eta nabarmendu zuenez, horrez gain, beren herrialdeko «agintariak eta iritzi publikoa beraien esku dagoen guztia egiteko beharraz konbentzitzen» ahaleginduko dira.

Borondate onak astindu

Kotte Ezenarrok, batez ere, «preso eta ETAren biktimen» korapiloa askatzen doan heinean «prozesuak berak aitzinera egingo» duela esan zuen bere hitz-hartzean, «borondate on guztiak» astintzera dei eginda. PSko Kontseilu Nagusiko lehendakariorde eta Hendaiako auzapez ohiak, Donostiako Konferentzian ez egonagatik, laster Gobernu frantsesa inplikatzea espero duela gaineratu zuen.

Departamenduko PSko buru Pierre Cheretek «Euskal Herri espainola zein frantsesaren bake prozesuan lagundu dezakeen oro PSren arrangura» dela esan zuen, Ezenarro alderdiaren manuarekin joan zela argituta.

Jean-Jacques Lasserre senatari zentristak, berriz, Konferentzia «noranzko onean» doala, eta «gauzak mugiarazteko» balioko duela konbentziturik, «bere ekarpena» agindu zuen.

Michel Larralde CFDT sindikatuko idazkariak ere, «engaiamendua hartzeko tenorea» dela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo