Lakuak ontzat eman du bere alabaren irakaslea jo zuen ama hiru urtera zigortu izana
2009an gertatu zen, Bilboko Txurdinaga ikastetxean. Ikasle baten amak irakasle bati ostikoak eta muturrekoak eman zizkion. Lakua akusazio gisa aurkeztuta, hiru urte eta hiru hilabetera zigortu dute erasotzailea.
GARA | BILBO
Bilboko epaitegi batek hiru urte eta hiru hilabetera zigortu du bere alabaren irakaslea jo zuen ama. 2009ko otsailaren 4an gertatu zen erasoa, Bilboko Txurdinaga ikastetxean. Era honetako ebazpen batek ez du aurrekaririk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Gasteizko Gobernuko zerbitzu juridikoen tesia onartzen du ebazpenak, hain justu, Lakua izan baita akusazio gisa agertu dena.
Epaiak jasotzen duenaren arabera, ikastetxeko jolastokian bertan gertatu zen erasoa. Soledad E.H. ikaslearen ama haurrari txokolatezko arrautza bat ematera gerturatu zen. Une horretan irakaslea agertu zen, umeak zaintzea tokatzen zitzaion eta. Toki zehatz horretan ezin zuela egon esan zion irakasleak amari, Haur Hezkuntzako txikiek baino ezin zutelako egon bertan. Era berean, eskolako araudiaren arabera, umeei janaria ematea debekatuta zegoela argitu zion amari.
Amak bereari eutsi zion, eta txokolate zatia eman nahian jarraitu zuen. Ondorioz, eskolako beste toki batera joan behar zutela esan zien irakasleak ikasleei, tartean, emakumearen alabari; eta une horretan bertan, ikaslearen amak bultza egin zion irakasleari, eta honek ekintza hori aurpegiratu zion.
Emakumea oldartu, eta irakasleari muturrekoak eta ostikoak ematen hasi zen, lurrera erori zen arte. Sententziak dioenaren arabera, irakaslea lurrean zela ere, muturrekoak eta ostikoak ematen jarraitu zuen, baita mehatxuak botatzen ere, «hilko zaitut», esate baterako.
Irakasleak 77 egun behar izan zituen osatzeko, kontusio handiak eragin baitzizkion. Eskuin eskuko behatz bat kaltetuta geratu zaio.
Jarrera «arriskutsua»
Akusatuaren jarrera «arriskutsu eta oldarkorra» izan zela dio epaiak. Ekintza «ohiz kanpoko» eta «ulertezin» horrek irakaslearentzat ondorio mingarriak izan zituela ere nabarmentzen du.
Horiek horrela, agintearen aurkako erasoagatik, bi urte eta egun bateko zigorra dagokiola ebatzi du epaitegiak. Emakumeari delitu hori egotzi dioten lehen aldia ez denez, eta irakasleari lesioak eragin dizkionez, guztira, hiru urte eta hiru hilabetera arteko zigorra ezarri dio.