GARA > Idatzia > Kultura

«Gore» basatia, odol jarioa eta beldurra, jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren Astean, guztira hamahiru emanaldi eskainiko dituzte jatorrizko hizkuntzan euskarazko azpitituluekin, horien artean Sail Ofizialeko bost film.

A.E. | DONOSTIA

Iaz bezala, hamahiru emanaldi euskaraz izango dira hilaren 29tik azaroaren 4ra iraungo duen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren Asteko 22. edizioan. Sail Ofizialetik aparte, haurrentzako emanaldi bat izango da («Ordezko andereñoa»), film laburren lehiaketan parte hartuko duten film guztien emanaldiak ere euskaraz izango dira, baita prestatu duten ziklo berri batekoak ere, «Zatoz eta begira» izenekoan. Ziklo horretan, sei klasiko, aurkitzeko errazak ez omen direnak -batzuk zentsuratuak izan ziren bere garaian-, jatorrizko hizkuntzan emango dituzte, euskarazko azpitituluekin. Emanaldi guztiak Victoria Eugenia antzokian izango dira.

Sail Ofizialari dagokionez, urriaren 30ean bi film ikusi ahal izango dira euskarazko azpitituluekin. Bata, Troll Hunter norvegiarraren «Troll ehiztaria» (Troll Hunter / Trolljegeren, 2010). Unibertsitateko ikasle talde bat hainbat erailketa eta eraso misteriotsu ikertzen hasten da. Agintarien arabera, eraso horiek guztiak hartz batek egin ditu, baina ez dago hori ziurtatzen duen froga erabakigarririk. Hilketak gertatu diren lekuetan noizbehinka agertzen den pertsonaia misteriotsu batek gazteak artegatuta ditu. Ehiztaria dirudi. Baina, zer ehizatzen du? Ehiztaria jarraitzeko eta harekin hitz egiten saiatzeko erabakia hartzen dute gazteek.

Bestea, «Arlotea eskopetarekin» (Hobo With a Shotgun, 2011) 70eko eta 80ko hamarkadetako akzio generoari egindako omenaldia da. Rutges Hauer aktore mitikoa mendeku bila dabilen eskale bihurtzen zaigu, Austineko (Texas) SXSW Film Festival jaialdiak antolatutako trailer faltsuen lehiaketatik sortutako istorio honetan. Jason Eisener kanadarrak eta bi lagunek aurkeztutako trailerrak irabazi zuen lehiaketa hura, eta Donostian ikusi ahal izango duguna bertatik sortutako film luzea da.

Banpiroak eta klasikoak

Azaroaren 1ean, «Hesolen lurraldea» (Stake Land, 2010) film estatubatuarra ikusteko aukera egongo da. Ameriketako Estatu Batuak abandonatuta daude, nazio osoan zehar eroso asko dabiltzan banpiroen esku. Hiriak hilobi bilakatu dira; bizirik dirautenak landa-eremutan elkartzen dira, edota nora ezean dabiltza janari bila, kutsatuta daudenetatik ihes egin nahian. Gauean, beldurra da nagusi. Martin gazteak senide guztiak galdu ditu, eta lanbidea erakutsiko dion banpiro-ehiztari beterano batekin egingo du bidaia.

Hurrengo egunean, azaroaren 2an, «Santua»ren txanda izango da (Saint / Sint, 2010). Sitgeseko jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zen Dick Maas zinemagilearen film dibertigarri hau, odola dariona, Nicolas santuaren ohituran oinarritutakoa. Holandan diote «Santa» Espainiatik abiatzen dela itsasontzi batean, eta urteroko opariak banatzen dituela etxez etxe, bere zaldien laguntzarekin. Txintxoak izan diren haurrei, opariak; gaizki portatu direnak, aldiz, zakuan sartu eta Espainiaratu egiten omen ditu. Gutxik sinisten dute kondaira, baina orain haur eta helduen bila datorrela ematen du.

«Wake Wood» (2010) filma, azaroaren 3an eskainiko dena, Hammer ekoizle britainiar ospetsuaren faktoriatik sortu da. Izenburuan agertzen den Wake Wood hori herri galdu bat da, eta bertako buruzagiak hildakoak berpizteko dohaina omen du.

«Zatoz eta begira» zikloan, bestalde, klasikoak ikusi ahal izango ditugu: Kubricken «Laranja mekanikoa» (A Clockwork Orange, 1971) eta bere garian polemika bizia sortu zuen «Gizajaleen holokaustoa» (Cannibal Holocaust, 1980) pelikula gore italiarra kasu. Herrialde batzuetan debekatuta egon zen azken hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo