Agian ez da akordiorik onena, baina bai onuragarria
Gilad Shalit israeldar soldadua etxean da atzotik, eta 477 palestinar, kartzelatik kanpo. Beste bostehundik gora askatutakoan beteko da Israelen eta Hamasen arteko akordioa. Badira israeldar soldadua eta milatik gora palestinar askatzea ahalbidetu duen negoziazioa onartzen ez dutenak, bai israeldarren artean bai palestinarren artean, baina bi gizarteetan onespena eta poza dira nagusi. Akordioak puntu ilunak ere baditu, hala nola askatutako hainbat palestinar deserriratzea, besteak beste, baina bi etsai amorratu ados jar daitezkeela erakutsi du, eta Shaliten eta palestinarren askatasunak duen garrantzia gutxietsi gabe, jakina, hori baino balio handiagoa du. Egia da Israelek akordioa onartu izana egungo momentuarekin lotuta dagoela, isolamendu politikoak eta egoera ekonomiko larriak markatutako une honekin, alegia; egia, lehenago ere onar zitekeela baina ez zuela nahi, ez zitzaiola interesatzen. Nolanahi ere, akordioak erakutsi du ezinezkoa zirudiena posible izan dela eta, borondaterik balego, zentzu bereko urrats gehiago egitea posible izango litzatekeela. Gazako blokeoak bere horretan jarraitzen du, baina, Hamasek gogorarazi duen bezala, Guilad Shalit aske dagoela, blokeoa bertan behera uzteko baldintzak daude, eta hori urrats positiboa izango litzateke, inondik inora. Ez da erraza, baina ezinezkoa ere ez, atzo munduak ikusi zuen bezala.