GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Ohea, etxea edota zubipea

«Etxe» horren zokomiran ipinita, «zubi» batekin topo egin dute beste batzuek, azkenik. Edo alderantziz izan da? Egia soila da Werrittyren izenak The Atlantic Bridge erakundea hizpide bihurtu duela; eta hortik aurrera, urak harrotu eta arretu egin dira

Krisi politiko larrian murgildu da D. Cameronen gobernua Andy Coulsonen inguruko sugarrek itzaltzear ziruditenean. Liam Fox, Defentsa idazkaria, M. Thatcherren haur besoetakoa eta, duela sei urte, toryen buru izateko Cameronek irabazitako lehian hirugarren geratu zena, dimititu beharrean aurkitu da haren «aholkulari» plantak eginez zebilen Adam Werritty-ren joan-etorriak ezagutu direnean. Foxen bat-bateko kargugabetzeak ez du, ordea, erabat amatatu sua, kabineteko beste zenbait kide (Hague, Osborne, Gove) ere Werrittyren saltsek zipriztinduta ageri baitira. Auziaren zera nahiko argi dagoela dirudi; zergatian dago eztabaida.

Batzuentzat, ohean legoke gakoa. Fox eta Werrittyren artean legokeen balizko harreman afektiboan, alegia. Balizkoa diot bietako inork ez duelako inoiz halakorik onartu. Baina gardena da Werrittyren «eskuduntza» sasi-ofizialak esplikatzeko modurik zuzenena dela; gainerako guztiak okerragoak direlako. Pribatutasunetik haragoko auzia litzateke, edonola ere, Foxek garai batean jarrera nahiko homofoboak agertu zituelako publikoki eta 2005ean, toryen buruzagitzarako lehian ziharduenean (familia tradizionala suspertu beharra aldarrikatuz, besteak beste), ezkondu ere ezkondu zelako egun bere emaztea denarekin... A. Werritty ezkontzako aitabitxi zuela.

Beste batzuek uste dute, ordea, «lagun minak» direla dioten Fox eta Werrittyren laguntasuna norainokoa den arakatzen jardutea baino interesgarriagoa dela bietako bakoitzak adiskidantza horren bitartez zer lortu duen argitzea. Eta jakin denaren arabera, ez da inbertsio txarra izan bien ala bientzat. Werrittyk, denboraldi batez zerga-ordaintzaileek Foxi pagatzen zioten etxean doan bizi ahal izateaz aparte, 700.000 libera balio duen pisuan kotatzea lortu du, nondik norako esplikagaitza duten irabazpide ekonomikoei esker, baina beti ere Foxen gerizpean. Eta, aldiz, honen ideia eta egitasmoak (beti ere eskuin oldarkor eta muturrekoenaren barrutietan; Libiako abentura litzateke azkena) noraino izan diren bere-bereak edo Werrittyrenak zehaztea kosta egiten da. Ez dira etxekalte aritu, nolanahi ere, azken zartakoa jaso arte.

«Etxe» horren zokomiran ipinita, «zubi» batekin topo egin dute beste batzuek, azkenik. Edo alderantziz izan da? Egia soila da Werrittyren izenak The Atlantic Bridge erakundea hizpide bihurtu duela; eta hortik aurrera, urak harrotu eta arretu egin direla. M. Thatcher brankako iruditzat zuela eta Erresuma Batuaren eta AEBen arteko lotura politiko, ekonomiko, ideologiko, eta estrategikoak sendotzeko filosofia aldarrikatuz, 1997an abiaturiko think tank honen kudeatzaile nagusia izan da Werritty Erresuma Batuan, Fox, Hague eta gainerakoak babesle ospetsuenetakoak zirela. «Karitatezko erakunde» gisan mozorrotutako lobby horrek AEBetako ALECean elkartzen den eskuin erasokorrenaren irizpideak haizatu ditu Erresuma Batuan, legeari iruzur egiteagatik bertako administrazioak azkenean debekatu eta desagerrarazi duen arte.

Amodioa amodio, mundu osoko eskuinean nagusitzen ari den politika egiteko era dela esango nuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo