Jean-Pierre Grasset, euskal kulturarekin amoratu zen zinegilea
Jean-Pierre Grasset zinegilea gure herriaz maitemindu zen orain parte bat hamarkada. Gurean errodatutako lau dokumentaletan euskal kultura eta, batez ere, musika aztertu zituen, leizezuloetan gure arbasoek sortutako doinueetatik euskal rockara iritsi arte.KAZETA.INFO | BAIONA
1990 urteetan, telebistan eta zineman eskarmentu handia zuen zinegile batek, Jean-Pierre Grassetek, Paris utzi eta Euskal Herrian kokatu zen. Gizona kuriosoa zenez, berehala herri bat eta bere kultura deskubritu zituen. Herriaz maitemindu eta haren ofizioa bertan segitzeko erabakia hartu zuen. «Lokarri» deitutako haren azken luzemetraia zuzendu aintzin, Jean-Pierre Grassetek bertako musika, kantua eta sorkuntzak aipatu zituen lau filma dokumentala muntatu zituen 1998 eta 2000 urteen artean. Lan haiek aurkeztuko dira Hazparnen bereziki baina baita Baionan ere datozen 28tik 30ra.
Lehen hitzordua, ostiralean, 18.00tan, iragaiten da Hazparneko Pierre Espil mediatekan. «Maurice Ravel, zazpiak bat» dokumentalaren ikusteko aukera izanen da. Filma honek Ravelek euskal kulturarekin zituen loturak kondatzen ditu. «Jende guttik badakite Ravel, haren amaren eskualdetik euskaldun zela. Hil zen Euskal Herria ohoratu nahi zuen Zazpiak Bat obraren gauzatu eintzin». Filmaren ondotik, Peio Cabalette konpositzailea eta musikaria eta Maurice Ravelen biografoa den Etienne Rousseau-Plottorekin hitzaldi bat eginen da.
Rocka eta leizeak
Hurrengo egunean, 21.00etan, herriko Ttattola gaztetxean «Bat, bi Euskal rocka bizi ote da?» filma aurkeztuko da. Jean-Pierre Grasseten lehen dokumentala euskal rockaren tematikan oinarritu zen. Musika mota honek Euskal Herrian ukan duen bilakaera ikertuko da. Gaur egun, 15 bat urte berantago zertan giren aztertzeko debate, proiekzio, kontzertu, lekukoak eta hainbat gauza izanen dira. Gaualdi hau, Kanaldudek grabatuko du «Leihotik» emankizunaren kari eta beraz, Hazparnerat hurbilduko ez direnentzat, www.kanaldude.tv webgunean aurkituko dute saioa. Gaualdiaren bukatzeko kontzertu sorpresa bat izanen da.
Larunbatean, Baionako Euskal Museoan 18.00tan «Hatsa» filma proposatuko da. Izturitze eta Otxozelaiko arpeak eta flauta prehistorikoen bidez gertatu den musikaren sortzea aipagai izanen dira dokumentalan. Ondotik, Jean-Pierre Grassetek lau filma haien zuzendaritzari buruzko lekukotasun bat emanen du Claude Labat eta Paxkal Indoren presentziarekin.
Azken emanaldiarentzat, «Ama» deitutako azken filma, berritz ere Hazparnen aurkeztuko da, 18.00tan Haritz Barne zinegelan. Jean-Mixel Bedaxagar xiberutarraren obra baten sortze prozesuari interesatuko gira eta xiberutar kantuen munduan sartzeko estakurua izanen da. Pirenearra eta euskalduna den xoko hunetako kantuaren indarrari buruzko dokumentala bat da. Filmaren ondotik Amaren Alabak xiberutar taldeak kontzertu ttipi bat eskainiko du.
Grasset 1996.ean etorri zen Euskal Herrira luzemetrai bat errodatzera. Proiektua bertan behera gelditu arren, Grasset gure herriarekin maitemindu zen. 1998tik 2000ra gure kulturaren inguruko lau dokumental errodatu zituen. 2002.ean hil zen, «Lokarri» doku-fikzioko luzemetraia bukatzear utzi zuelarik.
Hazparnen eta Baionan Grassetek eginiko lau dokumentalak ikusi ahal izango dira hurrengo asteburuan. Musika kontzertuak ere natolatu dira. Guzti honen lekuko, Kanalaldude izango da, interneten dena ikusi ahal izango baita.