GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Hitzez eta sentipenez gordeta

Badira irudiekin edo hitzekin baino gehiago sentsazioekin lotzen diren gertakizunak. Hotz esnatu zuen eta hotz aldetik igaro zen eguna, horregatik, ilunabarrean etxeratu eta beroan sartzeko gogoz nentorren, eta agian gehiegitxo zela pentsatuta ere, piztu nuen berogailua lehenengoz aurten. Eta han ipurdia ondo itsatsita jarri nuenean piztu nuen telebista. Hitz larri eta gorriekin jaso nuen albistea. Segituan sumatu nuen barrena bero eta burua joan-etorrian. Makina bat leku eta pertsona etorri zitzaizkidan istant batean burura, haiek nola, non eta zein egoeratan hartuko zuten notizia hasi nintzen pentsatzen, telebistak agintari eta ordezkari politikoek zer iritzi zuten jakin nahian burrunbaka jarraitzen zuen bitartean. Egun hura bizitzeko gogoz egunak amaitu zitzaizkienez akordatu nintzen, haien senide eta lagunez ere bai, seguru bainago albistea jaso zuten unean bertan akordatu zirela galdutakoez. Nahi bestetan seme-alabak, aita edo ama edo lagunak ikusten ez dituztenez ere oroitu nintzen eta haien bisitak gogotsu jasotzen dituztenez ere bai. Hotza zen eguna goxo eta goxotasun hori ilunabar hura deskribatzeko ezinbesteko hitz eta sentsazio bilakatu zitzaizkidan. Baina hotz-hotz esnatutako egunak ere oroitu nituen ezinbestean, jasotakoa baino notizia bortitzagoekin gosaria hartu dugun horiez.

Burua burrunbaka ohera sartu nintzen, arratsaldean sentitutako hoztasunak alboratuta eta biharamunean irakurri eta ondo gordeta jasotzeko egunkaria erosteko irrikatan. Hura dagoeneko gordeta dago, eta harekin batera arratsaldean gogora etorri zitzaizkidan pertsonen izenak zerrendan, eta egun hotzean sentitutako berotasuna, berriz, buruan; hura idatzi bai baina ezin baita kaxan gorde. Seguru nago askok ahaztuko ez ditugun egunak izan direla azken hauek, baina etorriko dira besteak, eta hurrengoak, eta ondorengoei kontatu eta azaldu beharko eta nahiko dizkiegulako, ondo jaso eta gorde ditut nik hitzak eta sentipenak. Badira, izan ere, oroimenaren kapritxoetara utzi ezin daitezkeen gauzak; eta, zenbaitetan, irudi eta azalpen handiek baino gehiago esaten dute une zehatzetan sentitu eta egin genuenaren azalpen labur eta xeheek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo