GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Garai berriak

Historia amaitu zela zioen Fukuyamak itxaron egin beharko du, herri hau beste orrialde bat idaztera doalako. Elkarrekin geure hitzen zentzu eder galdua bila dezagun. Heldu da, bada, aurrez aurre begiratzen hasteko garaia

Czeslaw Milosz-en poema bat irakurtzen ari nintzela harrapatu nau ETAren erabakiak. «Gehien maite dudan hilaren isiltasunean/ Urrian (astigar gorriak, zilarrezko haritzak, urkietan oraindik ere hosto berderen bat han-hemenka)/ Denboraren gelditzea ospatu dut». Eta horrelako zerbait gertatu dela iruditzen zait ziklo armatuaren denbora gelditu den honetan. Nahigabean, atzera begira ezarri naiz eta neure memoria txatalak josten hasi. Izen eta aurpegi asko etorri zaizkit burura, eta, sentipen kontrajarrien uberan, pozaren eta kezkaren arteko zerbait sumatu dut. Etorkizuna eraikitzeko nondik gatozen jakin behar delako, baina, aldi berean, aurrera begiratzera behartuak gaudelako.

Egoera berri honen harira, batez ere, aurrera begiratzen ikasi beharra dagoela iruditzen baitzait, iragandakoa ahaztu gabe, baina gehiegizko zama ere bihurtu gabe. Ezin gara iraganaren gatibu gelditu, pentsatu dut neurekiko. Hortik baitator nire kezka handiena. Nazioarteko liderrak, alderdi eta eragileekin batera, elkarrizketarako aldarrika ari diren bitartean, beste batzuk, Brunete mediatikoa dela medio, urteetan eraikitako diskurtso atzerakoienak ari dira elikatzen.

Galtzaile eta irabazleen arteko dikotomia zaharrarekin jarraitzen dute, historiaren azken hitza beraiek idatziko dutela esanez. Zibilizazioaren garaipena izan da, hortaz, hau dena; legearen nahiz zuzenbide estatuarena; demokraziak biolentzia garaitu du eta orain ETAren proiektu politiko totalitarioa eraitsi behar da. Edo Euskadi Irratian esan duten legez, amaitu da ETAren diktadura (sic). Horri ez al zaio esaten arbolak basoa estaltzea? Beren hitzen gatibu gelditu dira, masustak arantzetan bezala, eta, agidanez, denbora beharko dute hitzotatik askatzeko.

Geroaren kezkaren gainetik, baina, konfiantza ere badut sen ona duen jendearekin. Horrela, urte luzeetako gatazka zein errepresioaren tunel beltzetik atera eta argia ikusiko dugun ustea dut. Denon egitekoa izango baita. Gatazka armatua fase erresolutibo batean sartua delarik, elkarrizketa eta akordio politikoaren ordua delako. Zornea darien zauriak ixteko denbora beharko den arren, guztion samina onartu eta preso nahiz iheslariak etxera ekarri behar ditugu, itxaron gabe. Ezohiko ausardia behar omen da orain arte etsai izan denarekin eseri eta hitz egiten hasteko. Desberdinen artean akordioak lortzeko. Ez dela erraza izango jakinekoa da, baina egin egin behar dela ere bai. Agian ez da gezurra bakeak egitea gerra egitea baino zailagoa dela dioen esaera. Baina ETAren jardun armatuaren puntu eta amaierak akordio politikoen puntu eta segida izan behar du. Gorrotoa lege bihurtu gabe, errealitate berriari begiak itxi gabe. Garai berriak erantzukizunez jokatzea eskatzen baitu. Ezinezko zirudien etorkizuna hortxe dagoelako.

Historia amaitu zela zioen Fukuyamak itxaron egin beharko du, herri hau beste orrialde bat idaztera doalako. Elkarrekin geure hitzen zentzu eder galdua bila dezagun. Heldu da, bada, aurrez aurre begiratzen hasteko garaia. Garai berriari gogoberriturik eusteko, amets egiten ez badugu ez baitakigu zer dagoen ametsen atzealdean.

Itxaropenak merezi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo