GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Saharako egoera zaila are gehiago gaiztotu du hiru boluntarioen bahiketak

Tindufen lanean zebiltzan hiru boluntarioen bahiketak larritasun eta ardura handia eragin du, nola ez, bahituen senide eta hurbilekoen artean, haien berririk ez baitago oraindik eta aurrekariek edozer gauza gerta litekeela erakusten baitute. Baina ezinegona eragin du, baita ere, eskualdean lanean dabiltzan erakundeen artean eta nazioartean. Izan ere, berez zaila den Saharako egoera, erabat gaiztotu dute bahiketa hauek eta aurretik izandako beste hainbat gertakarik. Horrenbestez, nazioarteak aspaldi ez bezalako arretaz begiratzen dio lurraldeari uneotan.

Fronte Polisarioaren kontrako kolpetzat jo liteke ustez Al Kaedari egozten dioten ekintza, bere kontrolpeko lurraldean jazo baita eta saharar herriari elkartasuna adieraztera Tindufera joandako hiru lagunei eragin baitie. Baina bahiketa bertako eta nazioarteko hainbat eragilerentzat ere kaltegarria izan daiteke. Alde batetik, Aljeriako Gobernuaren irudirako oso berri txarra da, eta, bestetik, Fronte Polisarioa ahultzen saiatu diren Mendebaldeko gobernuek beren jarreraren ondorioez hausnartu beharko dute, jarrera horren eraginez eskualde osoaren segurtasuna kolokan jartzen ari baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo