Erandion okupatutako gaztetxea hustu dute herriko udaltzainek eta Ertzaintzak
GARA |
Erandioko gazte talde batek utzita zegoen lantegi bat okupatu zuen igande arratsaldean, Jose Luis Goioaga kalean. Atzo eguerdian, ordea, eraikina hustu zuten Ertzaintzak eta udaltzainek elkarrekin egindako operazioan. Eraikinera, hori bai, udaltzainak soilik sartu ziren. Operazioan, hiru gazte identifikatu zituzten eraikinaren kanpoaldean, eta Erandioko Gazte Asanbladak salatu zuenez, husteari berme legala emango liokeen epailearen agindua erakusteari uko egin zioten udaltzainek.
Gaztetxea martxan jartzeko ekimena, duela bost urte martxan jarritako gazte asanbladaren lanaren emaitza da. «Gazte alorrean zeuden gabeziei erantzun nahi izan diegu», nabarmendu zuten asanbladako kideek eraikina hustu baino ordu batzuk lehenago.
«Azken garaian, gure ilusio eta ametsak herriari islatu nahi izan dizkiogu hamaika dinamikaren bidez. Erandioko kaleetan laranja kolorea hedatuz, gaztetxe baten beharra zegoela ozen oihukatuz», azaldu zuten lantegia okupatu ostean kaleratutako komunikatuan.
Herriko gazteak metroaren geltokian elkartu ziren igandean eurek kudeatutako lokal bat lortzeko asmoz. Hala, geltokitik kalejira abiatu zuten lantegiraino, eta, bertara heldu zirenean, hainbat gazte zituzten jada barruan zain, okupazioaren ikurra eta pankarta handi bat jarrita. Udaltzaingoa eta Ertzaintza ere bertan izan ziren. Gazteek jakinarazi dutenez, gainera, ertzainek irudiak hartu zituzten.