GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gidari bat hil da Garain haizeak botatako arbola gainera erorita

69 urteko auto gidari bat hil zen atzo Garain, haizeak zuhaitz bat bota eta gidatzen zuen autoa azpian harrapatu ostean. Haize bolada bortitzak izan ziren Euskal Herrian, 120 km/h-ko haizeteak tartean. Haizeak makina bat istripu eta hainbat sute eragin zituen. Horietako batzuk erraz itzali zituzten suhiltzaileek, baina beste batzuekin lanak izan zituzten.

GARA | DONOSTIA

Gizon bat hil zen atzo 09.15ak inguruan Oiz menditik gertu, Durangaldeko Garai herrian, izandako ezbeharrean. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, 69 urteko auto gidariari zuhaitz bat gainera erori zitzaion; haizeak gogor jotzen zuen goizean inguru horretan. Lur orotako ibilgailu batean zihoan 69 urteko gidaria zuhaitza gainera erori zitzaionean, antza, haizeak botata. Gidaria ibilgailuan harrapatuta geratu zen eta bertan zendu zen.

Medikuak gizonaren heriotza baieztatu eta epaileak gorpua jasotzeko agindua eman ostean, Bilbora eraman zuten hildakoa. Ertzaintzak, bere partetik, gertaera argitzeko atestatua ireki zuen.

Haizeak gogor jo zuen atzo egun osoan Euskal Herrian. Hala, Lakuako Herrizaingo Saileko Meteorologiako Zuzendaritzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian abisu horia mantendu zuen 13.45ak arte haize bortitzak zirela eta. Prentsa ohar baten bidez, hala ere, arratsaldean eta itsasertzean 70-80 km/h-ko haize boladak izango zirela iragarri zuen. Goizean, istripua izan zen Oiz mendiaren inguruetan zein Jaizkibelen ia 130 km/h-ko haize boladak ere izan ziren.

Iturri berberek emandako datuen arabera, haize boladarik bortitzenak honako toki hauetan eman ziren 10.00ak bitartean: Oiz (129,5 km/h), Jaizkibel (128,1 km/h), Pasaiako portua (105,2 km/h), Matxitxako (103,7 km/h) eta Urduña (102,7 km/h). Normalean haizetsuak ez diren guneei dagokionez, Arrasate (87,5 km/h) eta Ordizia (84,7 km/h) nabarmendu ziren.

Nafarroa ere alerta egoeran egon zen 100 km/h-ko haizeteen ondorioz. Nafarroako Gobernuak azaldu zuenaren arabera, hogei esku-hartze egin zituzten egunean zehar. Zuhaitzen erorketek eta eraikin eta fatxadetan izandako ezbeharrek eragin zituzten esku-hartze horiek.

Hainbat sute han eta hemen

Haize bortitzaz gain, suteek eragindako arazoak ere izan ziren han eta hemen. Bizkaiko Alonsotegi herrian, esaterako, igandean piztu zen sua; azkenean, 40 hektarea kaltetu ditu Alonsotegi eta Gueñes artean. Suhiltzaileek atzo lortu zuten sua guztiz kontrolatzea, baina zailtasun handiei aurre egin behar izan zieten, inguru oso malkartsuan piztu baitzen sutea. Hori dela eta, arratsaldeko aurreneko orduetan oraindik ere sua guztiz itzali barik zuten. Alonsotegiko suteak, Bilbo, Balmaseda eta Santander lotzen dituen Feve linean atzerapenak eragin zituen atzo egunean zehar.

Bestalde, Gipuzkoan, 11.30ak inguruan lortu zuten suhiltzaileek hiru ordu lehenago Donostiako Ulia mendian piztutako sutea itzaltzea, Donostiako Udalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Sugarrak 08.30ak inguruan hasi ziren, dirudienez haizeak linea elektriko bat astindu ostean sortutako txinparten eraginez. Inguruotan izan ziren 100 km/h-ko haize boladek asko zaildu zuten suhiltzaileen lana. Udalak jakinarazi zuenez, gainera, etxe batzuetatik gertu sortu zen sua. Hala eta guztiz ere, ez zen kalteturik izan. Hiru hektarea itsas pinu harrapatu zituen suteak, baita haritz apur batzuk ere.

Nafarroako Gobernuak atzo goizean adierazi zuenez, igande arratsaldean Elkoatzen piztutako suteak itzali gabe jarraitzen zuen. Zangozako eta Nabaskozeko suhiltzaileak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin haize bortitzaren ondorioz. Arratsean sua itzaltzeko Foru Gobernuaren bi helikoptero erabiltzeko asmoa zuten.

Hiru zauritu errepidean

Egunean zehar istripu gehiago ere izan ziren. Nafarroan, A-12 autobideko 11. kilometroan, hiru pertsona zauritu ziren nazioarteko garraioa zeraman kamioi bati erdiatoiaren sabaia askatu ostean. Istripuaren ondorioz, kamioiaren atzetik zihoan autoak kamioiaren osagaiarekin talka egin zuen, eta, ostean, hirugarren auto batek ere bigarrenarekin topo egin zuen Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez.

Istripua gertatu zen guneraino Cordovillako suhiltzaileak gerturatu ziren, baita anbulantzia medikalizatuak ere. Arin zauritutako hiru lagunak Nafarroako Ospitalera eraman zituzten.

arrats lasaiagoa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 13.45ak arte mantendu zen abisu horia. Hala eta guztiz ere, 70-80 km/h-ko haize boladak espero zituen arratsalderako itsasertzean Lakuako Herrizaingo Sailak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo