Etorbide bat egin dute Gurseko kontzentrazio esparrutik igaro ziren pertsona guztien omenez
Biarnoko Gurs herrixkako gunetik 1939tik 1945era bitartean igaro ziren 60.559 pertsonen oroimenez -tartean 6.555 euskal herritar-, granitozko 27 zutabez inguratutako Allée des Internés etorbidea inauguratu dute.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Bigarren Mundu Gerran ireki zuten Gurseko kontzentrazio esparruan urtero egiten duten ekitaldia zinez hunkigarria izan da aurtengoan. Izan ere, igandean etorbide berezia -Allée des Internés- inauguratu zuten bertan atxilo, preso edo konfinaturik izan zituzten 60.559 gizon, emakume eta haurrak oroitzeko.
Etorbidean zehar paratutako granitozko 27 zutabeetako bakoitzak 1939tik 1945ra bitartean bertatik igarotako errefuxiatu edota preso mota jakin bat gogoratzea du xede. Horietako bi Lakuako Gobernuak finantzatu ditu, hain zuzen ere 1936ko gerra amaitutakoan bertan sartu zituzten euskal miliziano eta militante politikoek pairatutakoa gogorarazteko helburuarekin.
Hori dela eta, Ines Ibañez de Maeztu Lakuako Gobernuko Giza Eskubideen zuzendariak inaugurazioan parte hartu zuen, «gizarte bidegabekeria jasan zutenei» eta Biarnoko kontzentrazio esparruan «sufritu zuten guztiei» elkartasuna adieraziz, «euskal jatorrikoei [6.555 herritar guztira] maitasun bereziarekin».
25.577 errepublikar
Guztira, 300 bat pertsona izan ziren ekitaldian, horien artean, Gursetik igaro ziren 25.577 errepublikarren oroimenez, Espainiak Pauen duen kontsula eta Rosa Martinez Frutos Gobernu espainolaren ordezkaria.
Haur bat besterik ez zela bertan izan zuten Jose de Sola euskal herritarrak ere, beste hainbat atxilotu ohirekin batera, bere lekukotasuna eskaini zuen ekitaldian.
Gursen izandako Alemania, Polonia, Austria eta Frantziako juduek eta Nazioarteko Brigadetako 6.808 kideek ere badituzte dagozkien oroitzapen zutabeak, Nurembergeko etorbidean inspiratuta, Emilio Vallesek asmatutako monumentuan. Vallesen aita Gurseko kontzentrazio esparruan eduki zuten konfinatuta. Bera bezala kontzentrazio esparruan izandako hainbat lagunen hitzaldi hunkigarrien ostean, «Les oubliées» (Emakume ahaztuak) poesiak eta «Le chant des marais», «Chant des partisans», «Nuit et brouillard» edota «Paso del Ebro» abestiek borobildu zuten igandeko ekitaldia.
Claude Laharieren testuak euskarara eta gaztelaniara itzulita, «Gurs: 1939-1945. Espetxeratze-esparru bat Biarnon» liburua argitaratu berri du Lakuako Gobernuak.