Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria
Gazteak eta mugikorrak: kontrola ala askatasuna?
Frantziar Estatuan biztanleak adina mugikor linea daude. Espainiar Estatuan gehiago: 47 milioi biztanle eta 56 milioi mugikor linea. Zenbat telefono mugikor ote, berria eskuratu eta zaharrak jaso egiten badira? Espainiar Estatuan lautik batek bi mugikor edo gehiago ditu eta egiten diren hamar deietatik zortzi hiru minutu baino gutxiagokoak dira.
Datu horiek, noski, gaztetxo eta nerabeak ere barnebiltzen dituzte. Ildo horretan, Rey Juan Carlos Unibertsitatean gaztetxoak-mugikorrak binomioa oinarri hartuta egin den ikerketa baten arabera, gaztetxoen %98 mugikor baten jabe da, mugikorra eskuratzeko adin-tarte ohikoena 8-12 urte bitartekoa da eta soilik %1ek eskuratzen du behin 14 urteak beteta. %80k opari gisa jaso dute, %70 pozik ageri da, edozein une eta lekutan egonagatik, lokalizatua izan daitekeelako, eta %88 seguruago sentitzen da mugikorra poltsikoan badu.
Mugikorrak, hortaz, gaztetxo eta nerabeen bizitzetan oso txertatuak dauden gailu elektronikoak dira, noiz eta euren sare soziala eraikitzeko bizitza-faserik garrantzitsuenean daudenean. Eta horretxegatik, hain zuzen, mugikorra, funtsean, komunikatzeko tresna gisa uler daitekeen arren, gaur egun, gaztetxoentzat, mugikorra komunikazio kanal bat baino askoz gehiago da. Eta logika horri jarraiki, arrisku-faktoreak ere areagotu egiten dira.
Gaztetxo eta nerabeek mugikorra, batez ere, lagunekin gelditzeko erabiltzen badute ere, aipatu ikerketaren arabera: %56,5ek musika trukatzeko erabiltzen du; % 54,2k argazkiak ateratzeko; %47,3k argazkiak partekatzeko; %31k bideoak grabatzeko eta %6,5ek Internetera konektatzeko. Mugikorraren funtzionalitate teknikoa hitzezko komunikaziotik harago doa. Mugikorra ez da komunikaziorako tresna bat soilik, multimedia edukien biltegi bat da, zeinarekin edozein unetan eta edozein lekutan gertatu dena jaso eta partekatzeko aukera duten, era berean, gertatu den horren «lekuko» sentitu eta bilakatzea ahalbidetzen dielarik.
Mugikorrek argazki eta bideo kamerak dituzten neurrian, gaztetxo eta nerabeak grabatuak izan daitezke eta %47 kezkatua agertzen da horrekin [zerbaitengatik izango da]. Lagunei txantxak egin edo lagunak iraintzeko erabiltzen dituzte, grabatzen dutena Internetera igotzeko asmoarekin grabatzen dutelako, batez ere. Izan ere, «lekukotasun» hori Interneten zabaltzea ekintza arrunt bilakatu da beraientzat. Eta mugikorra eskolara eramaten dute, nahiz eta debekatua egon [%60 debekuaren aurka dago]. Eta askotan entzun edo irakurri ahal izan denez, irakaslea iraintzeko ere erabiltzen da mugikorra, argazkiak edo bideoak jasoz eta Internetera igoz.
Erabilera desegoki horren guztiaren gainetik, ordea, benetan kezkagarria den elementua gaztetxo eta nerabeen sentsibilitate falta da. Hau da, maila etikoan onartezinak liratekeen ekintzak toleratu eta goraipatu egiten dituztela. Eta, horregatik, beharrezkoa da gurasoek mugikorren abantailen, arriskuen, erabilera sozial eta «antisozialen» inguruko azalpenak ematea.
Arrisku-faktoreekin jarraituz, mugikorra duten gaztetxoek euren adinerako desegokiak diren SMSak jaso ditzakete, bortizkeria maila altua edota pornografia erakusten dutenak. Publizitatearekin bonbardatzen dituzte. Telebistako programetara SMSak bidaltzen dituzte, telebistatik ikus-entzule guztien parte-hartze aktiboa sustatu nahi dela esaten den arren, gaztetxoak direlako horrelakoetan gehien aktibatzen direnak.
Zentzu horretan, beraz, gaztetxoen mugikorra, ikuspuntu tekniko eta materialetik, komunikazio kanal bat baino askoz gehiago da: eurek funtzio askotarako erabiltzen baitute, baina baita telekomunikazio operadore eta telebista kanalek ere. Baina ikuspuntu tekniko-materialetik harago, dimentsio sozialean ere, gailu elektroniko hauek gaztetxo eta nerabeen nortasunaren garapenean duten eragina areagotzen ari da etengabe. Gaztetxoen artean, batez ere, mugikorrak bere jabearen gaineko informazioa ematen du, eta, hortaz, berdinen taldean prestigioa eta aitortza eskaintzen die. %45 gustura dago ingurukoak bere mugikorra nolakoa den begiratzen jartzen badira. %36 mugikor berrienaren atzetik ibiltzen da, operadoreen «zaharkitze kalkulatuan» etengabe eroriz. Erabiltzen den modeloak, dituen prestazioek eta ematen dituen aukerek, mugikorraren jabeak berdinen taldean duen lidergo egoeran eragiten du.
Ikerketan parte hartu duten gaztetxoen %42k mugikorra gurasoek emana dela baieztatzen du. Gurasoek, gehienetan, seme-alaben presioaren ondorioz eman dietela adierazi ohi dutenean. Baina egia da kontrol gehiago izateko bidetzat ulertzen dela mugikorra. Baina mugikorra mugikorra denez, kontrol hori ez dela eremu fisiko berean ematen, mugikorraren estalduraren eta seme-alabaren saldoaren arabera baizik.
Haatik, mugikorra eskuratzean, gaztetxo edo nerabea ez da aurrez baino kontrolatuago sentitzen. Alderantziz. Gaztetxoa erakartzen duena, hain zuzen, kontrol horretatik ihes egiteko aukera da. Euren sare sozialak eraiki eta erreferentziazko taldeak berritzeko etapa erabakigarrian daudenez, mugikorrak, berdinen taldearekin komunikatzeko beharrak asetzen ditu, komunikazio hori, gainera, edozein unetan eta edozein lekutatik eman daitekeelarik. Deiak egiteak baino, deiak jasotzeak «norbait» direla adierazten die, «talde bateko kide» direla. Hori da gaztetxoa erakartzen eta asebetetzen duena: bere sozializazioa garatzeko mugikorrak eskaintzen dion askatasuna.
Hori horrela, mugikorra eskuratzeko hasierako arrazoiak indargabetu egiten dira, gaztetxoen arteko komunikazioa baita areagotzen dena, ez gurasoekin dutena. Alegia, gurasoek kontrolerako ulertzen duten gailua, gaztetxoek independentziarekin eta autonomiarekin lotzen dute, mugikorra eta honen inguruan dabilen guztia euren «ni»-aren isla bat gehiago baita, komunikatzeko kanal bat izatetik harago.
Kasu gehienetan, gurasoak dira mugikorra eman eta gastua ordaintzen dutenak, seme-alabak lokalizatuak egotearen truk. Gastua kontrolatzen da, bai, gastuak konpartituz edo aurrez ordaintzen diren txartelak erabiliz, esaterako. Baina mugikorraren erabilera egokia ez da eurotan soilik neurtzen. Horregatik, hain zuzen, gaztetxoentzat askatasuna sinbolizatzen du, kontrolatzen zaiena, kontrolatzekotan, kontsumoa delako, ez erabilera, bere esanahirik zabalenean.
Alegia, termino ekonomikoetan, gastuaren kontrola egitea garrantzitsua da, mugikorra eskuratzen duten unetik bertatik kontsumoa kontrolatzen irakastea ezinbestekoa bilakatzeraino. Ikerketen arabera, 14 urte betetzen dituztenean kontsumoa modu drastikoan igotzen omen da. Hortaz, ordurako erabilera eta kontsumo-ohiturak kontrolatuak izatea litzateke egokiena. Are, mugikorra itzaltzen ere irakatsi behar zaie, ia denek, ez baitute inoiz itzaltzen, ezta lotarako ere.
Termino soziologikoetan, ordea, mugikorrek gaztetxo eta nerabeen nortasunaren garapenean duten eragina neurtezina bezain larria bilakatzen ari da. Euren «ni»-a berdinen taldean agertzeko elementu bat gehiago da mugikorra bera, bere kolorea eta modeloa, dituen prestazioak eta bertan instala daitekeen aplikazio kopurua. Mugikorrak sinbolo bilakatu dira eta eurekin identifikatuak sentitzea ezinbestekoa zaie. Eta erabilerari dagokionean, onartezina behar lukeena, onargarri zaie eta Internetera grabatutako bideoak igotzea, erakargarri. «Ni han nengoen», lekuko bilakatzen dira. Eta horrekin nahikoa zaie, edota batzuetan hori bilatzen dute. Nire ustez, erabilera sozialean dagoen kontrol falta oso kezkagarria da. Kontsumoa neurtzean baino, erabilera egoki eta desegokien arteko muga non dagoen ondo argitu eta ulertarazten jarri beharko genituzke gure indarrak. Nago, erabilera egokia egiten duenak, printzipioz, kontsumo baxuagoa izango duela beti.