GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Prozesuaren nazioarteko jarraipen etengabea

Arnaldo Otegik gatazka konpontzeko prozesuan parte hartu behar duela esan zuen Gerry Adamsek atzo, hala nola euskal preso politikoak hurbildu beharra dagoela. Nahiz eta zenbaitek politikari irlandarra ezker abertzalearen proiektuaren aldekoa dela esanez deskalifikatu nahi duten, nazioarteko inplikazioaren erakusgarri da Adams. Baina ez bakarra. Joan den urteko martxoan Bruselako Adierazpena sinatu zuten izen handiko hainbat lagunen artean Raymond Kendall, Frederik W. de Klerk, Christopher Mitchell eta ezker abertzalearen proiektu politikoarekin zerikusirik ez duten beste hainbat lagun zeuden. Beste horrenbeste, Harremanetarako Nazioarteko Taldean, bai eta ETAren su-etena egiaztatzeko sortu zen Nazioarteko Egiaztatze Batzordean ere, bake prozesuetan eta segurtasun gaietan eskarmentu handia duten bost lagunek osatu baitzuten. Eta horiek guztiak eta hil honen 17an Donostian izan zen Nazioarteko Konferentzia ez dira nazioarteko inplikazio bakarrak izan, gero ere Estatu espainolak eta frantsesak Aieteko Adierazpenaren araberako urratsak egin ditzaten dei ugari izan baitira. Horien artean, Gerry Adamsena, bai, baina baita Tony Blair-ena eta munduko beste zenbait lagun ospetsurena. Edo eragin nabarmeneko hedabideena; azkena, «Financial Times»-ena. Prozesuaren nazioarteko jarraipena beharrezkoa da eta, zorionez, jarraipen hori egitatea da. Eta izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo