GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Populazioa eta ingurumena

MIkel SUSPERREGI mikel@carbonica.org

Hilabete amaieran, hilaren 31n, gure planetaren populazioa 7.000 milioi biztanlekoa izango da, Nazio Batuen Erakundeak dioenez. Egunaren aukera arbitrarioa eta sinbolikoa da, ez baitago jakiterik zehazki zenbatekoa den Lurreko populazioa. Hala ere, hogei bat biztanle gorabehera, badakigu orain 7.000 milioiko muga hori gaindituko dugula -edo gainditu dugu dagoeneko-.

Egoera hauetan ohikoa den bezala, jaioberri bat aukeratuko dute -ez dakit nola egiten diren aukera horiek-, une historikoa azpimarratzeko. Kasu onenean, haur gixajoa 7.019 milioigarrena izango da eta 7.000 milioigarrena duela bi hilabete jaio zen. Baina garrantzitsuena orain ez da hori. Dagokiguna beste kontu bat da; alegia, momentu historikoak sortzen dituen galderak.

Gizakiaren populazioak etengabe egin du gora. Erdi Aroan zein beste garai batzuetan pairatu izan diren gaitz, gaixotasun eta izurrite txikitzaileen eragin kaltegarriak gaindituz, historikoki, Lurreko populazioak hazteko duen joerak izugarri egin du gora.

Honekin guztiarekin, aipatzekoa da gure neurriko gizakientzat ez dela normala horrelako populazio handiak izatea. Hori lortu dugu, hain zuzen, ingurumena, planetaren baliabideak eta beste espezie guztiak gure menpean ditugulako.

Metaforak erabiliaz, giza populazioaren bilakaera birus baten antzekoa da, ia eskala pandemikoa duena. Ugaztunen artean ez dago horrelako antzeko kasurik, eta nahiz eta gure bidean erronka izugarriak izan -eta munduan bizi den biztanleriaren gehiengoa pobrezian eta gosetean bizi-, ugaltzeko dugun gaitasunak antzekotasun handiagoak ditu intsektuekin ugaztunekin baino.

Lehen galdera, beraz, honakoa da: ingurumenak eta planetak noiz arte jasango du hazkunde hau? Zenbat da gehiegi? Zenbateko populazioa izango da muga? Galdera erantzutea, ordea, ez da batere erraza, ez baitago erantzun bakarra.

Adibidez, munduko populazioaren gehiengoa gosetean eta pobrezian bizi baldin bada, oraindik beste 20.000 milioi lasai izan ditzakegu Lurrean. Edo beste 40.000 milioi. Zuk aukeratu.

Aitzitik, Europako biztanleen gisako bizimodua izan behar badute, orduan 1.000 milioi biztanle aski zaizkigu, eta, beraz, 6.000 milioi soberan ditugu. Berotze globalaren arazoak horrelako oreka hausturak sortu ditu.

Gauza berbera litzateke gela berean zenbat pertsona sartu ote daitezkeen galdetzea. Pertsona bakoitzak eroso eta ondo egoteko behar duen espazioaren araberakoa izango da hori. Aukera ezberdinak daude: gela horretan hogei lagun lasai eta eroso egon daitezke; berrogei lagun, pixka bat estuago. Beste aukera bat honakoa da: albo batean 50 lagun estuki ipintzea eta beste bost, gelan zehar sakabanatuta, oso eroso.

Gaur egun, munduan, 1.000 milioi biztanle baino gutxiagok menperatzen dituzte Lurraren baliabideen %99, gainontzekoak gelaren albo batean meta handi bat osatuz pilatuta dauden bitartean.

Gizakiaren populazioaren hazkundea arazo sakona da, baina arazo handiagoa da hirugarren munduko garapen ekonomikoa gauzatzen baldin bada. Zalantzarik gabe, ingurumenarentzat hondamendia izango litzateke mundu osoan zehar zabalduko balira mendebaldeko bizi baldintza berak modu demokratikoan. Ez da gertatuko, baliabide aldetik ezinezkoa delako; ezinezkotasun matematikoagatik, hain zuzen. Ezinezkoa da ehun lagun modu erosoan gela berean egotea... -batzuek oso deseroso izan behar dute, gutxi batzuk eroso izan daitezen-.

Zorionez, merkatuek oreka aurkitzen dute beti, baina aldi berean, gatazkak sortzen dituzte. Testuinguru honetan, baiezta daiteke gizakiok ez dakigula lasai bizitzen, gatazkarik eta arazorik ez badugu. Oparotasun garaietan, kontsumitu egiten dugu, urritasunera heldu arte. Une horretan, gizakiok krisiaren marra zeharkatzen dugu eta oparotasunaren bila hasten gara berriro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo