Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren normalizazioa
Musika izan ezik, azken boladan, dena normalizatu nahi digu Zuzenbide Estatuak. Ongizate Gizartearen bizitza normalizatu du, bizitzaren politika normalizatua irentsaraziko digu, politika profesionalaren «betierekotasuna» betikoa izango balitz bezala azalduko digu, giza borroka normalizatu du (borroka politikoa desagerrarazi talde armatu batek burdinak utzi dituelako, eta, beraz, ezin izango da gehiago borroka erabili euren armadetatik landa).
Zuzenbide Estatuarentzat dena normalizatzea arrunta da. Ekonomia normalizatuko du inoiz baino behartsu gehiago eraginez Mendebaldeko munduan; beste mundua izorratu eta ustiatu dugu. Komunikazioa normalizatuko du hizkuntza nagusiei bide eta eraginkortasuna emanez, besteak pikuak biltzera bidaliz. Normalizaziorik garrantzitsuena estatuak eta alderdi politikoak asmatu zirenetik datorkigu, botere hertsatzaileak berari eta aginteari errespetua izatea derrigortzea agintzen baitigu.
«El País» egunkariak sareko edizioan irakurleen iritzia jakin nahi du galdetuz ea zer abesti jarriko litzaiokeen Euskal Herriko aro berriari, ETAren biolentziarik gabeko aroari. Egunkari berean erreportaje latza dator hainbat daturekin. AEBetan 23 milioi gerra-beterano dagoela dio eta erdiei burutik pasatu zaiela bere buruaz beste egitea. %20ak plan zehatza ba omen du suizidatzeko. Egunero hamazazpi soldadu ohik bere buruaz beste egiten du.
Estatuek eragiten duten biolentzia erabat totala da. Egoera horri inork ez dio jarriko normalizatutako musikarik? Laster euren normaltasunetik ateratzea terrorismoa izango da, beste ez dagoenez, aitzakiaren bat bururatuko zaie Zuzenbide Estatuei.