Metal doinuak indartu ditu Xarma taldeak «Karenka» bigarren diskoan
M. LARRINAGA | DONOSTIA
«Karenka» hitzak aurrez aurre esan nahi du ondarrutarrez, eta hori da Xarma musika taldearen oinarria. «Bizitzan egoera desberdin ugari aurrez aurre izaten ditugulako eta diskoan hori islatzen delako jarri diogu `Karenka' izena», azaldu zuten atzo taldekideek.
«Karenka» Xarmaren bigarren lana da. Aurretik, «Amaraunak» diskoa Euskal Herrian eta Alemanian zehar aurkeztu zuten. Bigarren diskoa, aldiz, Danbaka lehiaketa irabazteari esker grabatu dute.
Aurreko «Amaraunak» diskoan dauden abestiekin alderatuta, bigarren lanean rock doinuek pisu handiagoa dutela azaldu zuten taldekideek atzo egindako aurkezpenean. «Abesti berriak azkarragoak dira, zuzenagoak, gogorragoak, gitarra abiapuntutzat hartuz eginiko abestiak dira», azaldu zuten. Amorraziozko punk-rocka, metal pisutsua, popa, hardocorea, post-rockaren intentsitatea eta malenkoniatik asko duten melodiak biltzen ditu diskoak.
Abestietan jorratutako gaiei dagokionez, sozialak, politikoak eta intimistak tartekatu dituztela adierazi zuten, denak modu «subjektiboan eta lehen pertsonan» idatziak. Gainera, bertsio bat ere egin dute: duela hainbat urte desagertutako RSK talde ondarrutarraren «8 urte» abestiarena, hain zuzen ere. «Ondarroako gaztetxe zaharrean sortu eta hil ziren talde guztiei omenaldi xumea eskaini nahi izan diegu», esan zuten.
Zuzeneko aurkezpena
«Karenka» diskoa aurkezteko lehen kontzertua bihar egingo dute, Eskoriatzan. Eguraldi ona egiten badu plazan izango da kontzertua, bestela, Inkernu tabernan. Gainera, kontzertua taldearen webgunetik zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da. Bestetik, abenduaren 4an Durangoko Azokan emanaldia eskainiko dute, Ahotsenean, 17.30ean.
Gainontzeko zuzenekoak Villabonako IA gunean (azaroak 5), Mauleko Zinka ostatuan (azaroak 19), Mallabiko Herrikoan (abenduak 3) eta Donostiako Kortxoenea gaztetxean (abenduak 10) izango dira.
Diskoa 8 eurotan salduko dute, eta, nagusiki, kontzertuetan jarriko dute salgai. Halaber, Durangoko Azokan Ikasle Abertzaleek jarriko duten salmahaian ere erosteko aukera izango da.