Komiki hiritarrenari eskainitako erakusketa batekin omendu dute Donostian Juan Carlos Egillor
Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan ilustrazioa eta komikigintza dira jaun eta jabe. Izan ere, datorren urteko urtarrilaren 28ra arte «Hiriko fikzioak» bi zatiko erakusketa dago ikusgai bertan.
GARA | DONOSTIA
Bi zatitan banatutako «Hiriko fikzioak» erakusketak Luis Gasca Gipuzkoako Aldundiko komiki bilduman eta Julian Armendarizen bilduman du oinarri, beste material batzuk gehiago ere gehitu zaizkiolarik; Winsor McCayren eta Moebiusen jatorrizko marrazkiak kasu, edota hainbat arte instalazio -Judas Arrieta, Javirroyo eta Txuspo Poyok eginikoak, besteak beste-. «Erakusketak komikiari kultura produktu den aldetik heltzen badio ere, ez du komikiari buruzko erakusketa soil bat izan nahi. Izan ere, beste arte manifestazio garaikide batzuei ere heltzen dio: komikiaren estetikaren herentzia dutenei eta komikiaren hizkuntza baliabideak nabarmen erabiltzen dituztenei», azaldu zuen atzo Neu Miro «Hiriko Fikzioak» erakusketako komisarioak.
Ikusgai dauden arte-instalazioei dagokionez, Abarrots, Archigram, Judas Arrieta, Anouk de Clercq, Simon Faithfull, Javirroyo, Txuspo Poyo, Pushwagner, Pia Rönick eta Francesc Ruizenak dira. Judas Arrietak, Javirroyok eta Francesc Ruizek, gainera, erakusketa honetarako egin dituzte beraien obrak. Ruizek «El Topo» komikia sortu du, eta, bertan, Donostiako inguruetan egindako bilaketa bat kontatzen du, zehazki Lasarte eta Hendaia lotzen dituen trenean egindakoa. Lau orrialdeko sei komikik osatzen dute lana eta tren horretan bertan egileak bizitako egoerak eta sentsazioak islatzen ditu.
Judas Arrietak manga ikonografia duen horma irudia egin du erakustaretoaren paretetako batean, eta, Javirroyok, berriz, biniloz egindako egitura bat hartu eta jarduera ezberdinak burutzen ari diren zenbait pertsonaia marraztu ditu.
Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947-Madril, 2011) ilustratzailea omentzea da erakusketaren beste helburuetako bat. «Ez da gure asmoa izan haren ibilbide artistikoari buruzko lan sakon bat egitea, ezta atzera begirako erakusketa bat osatzea ere; haren bizipenak eta oroitzapenak jaso nahi izan ditugu soilik, inguruan ditugun bi bildumetako dokumentuen, gutun pertsonalen, zirriborroen eta jatorrizko marrazkien bidez», azaldu zuten atzo antolatzaileek.
Erakusketa Koldo Mitxelena kulturuneko liburutegiko dokumentu, liburu eta aldizkariekin osatzen da. Ikusgai jarri dituzte, halaber, Eguillorrek 80ko hamarkadan egindako esperimentuzko zenbait bideo, Arteleku funtsarenak. Erakusketara gerturatzen direnek, Julian Armendarizek eta Luis Gascak marrazkilariarekin bizi izandako pasarteak ezagutzeko aukera izango dute. Gasca bildumaren dokumentu argitaragabe bat ere aurkituko dute, non Eguillorrek bere ibilbideari hasierako lanei buruz hitz egiten duen.
Izena: «Hiriko fikzioak».
Non: Koldo Mitxelena kulturunea (Donostia).
Noiz arte: Gaurtik 2012ko urtarrilaren 28ra bitartean.