GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Bezerokrazia

Ez dugu ukatuko PSOEren ziabogak aspaldidanik zaizkigula ezagun. Bodebiletako aktore azkarrenek baino azkarrago aldatzen dute jaka oholtzaren atzean. Grisen aurretik korrika egitetik marroiak korrika egitera bidaltzera pasatu ziren bi udazkenetan eta, NATO errefusatzetik NATO gidatzera. Antimonarkikoak ziren aurrena, panaz janzten zirenean, baina komeni izan zitzaienean errege-eskuak musukatzera belaunikatu ziren, esate baterako Francoren oinordeko hordituarenak, edota Hassan izeneko beste harenak, zeinak, Gilles Parraultek kontatu bezala, herrikideak milaka asesinatu baitzituen. Inor ez da perfektua, aizu. ZEN planarekin kale kantoi guztiak poliziaz bete zituen PSOEk, eta indarkeria inteligentziarekin konbinatzen ikasi zuen. Ez dugu esan nahi poliziei irakurtzen irakatsi zietenik, baina bai kazetariei polizia izaten irakatsi zietela, eta ez edonola. Irakur itzazue polizien txostenak eta egunkarietako albisteak: ez dituzue bereiziko. «Morrontza» hitza da ziaboga hauen guztien hitz gakoa. Morroiak izateko baldintzarekin hasi ziren agintzen, edo agintari plantak egiten, haien gainetik izango ziren militar, apaiz eta bankari guztien esanetara, otzan. Uste zuten agintean egotea beti zela hobe, besteek nahi zutena egiteko izan arren. Uste zuten botere faktikoak konbentzituko zituztela euren sozialismo ustezko harekin, baina, ohartzerako, haiek ere bankari eta militar bilakatuta zeuden, Castellanan zehar Legioko ahuntzaren atzetik korrika. Orain, sozialismoaren ideia Espainiatik desagertzea lortu dutenean, elastikoak, katiluak eta zartaginak oparitzen hasi dira, zakua botoz betetzeko esperantzan. Printzipioak oparitu zituzten, politikari zirenean, eta orain bankuek egiten dituzten opariak egiten dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo