HERIOTZA | MICHEL INCHAUSPE
Itzal luzea utzi du Ipar Euskal Herriko politika eta ekonomian
Arantxa MANTEROLA
Azken mende erdian Ipar Euskal Herriko politika jarraitu duen oro bat etorriko da Michel Inchauspek bere lurraldean -eta urte askoan gainera- izandako eragina apartekoa izan dela.
Izpurako erietxean zendu zen atzo, 86 urte betetzear zela, Nafarroa Behereko politika eta ekonomia ez ezik, gainerako euskal lurraldeetakoa ere markatu zuena.
Bere aitatxik XIX. mendean sortutako banketxearen kudeaketaren ardura hartu zuen 1960an bere anaia Leon Inchausperekin batera. Hamar urte geroago, bereizi egin ziren eta bakoitzak bere banketxea sortu zuen. BAMI izenekoa eraiki zuen zendu berri denak.
Esan gabe doa, bere bankuaren bidez sekulako eragina izan zuela, batez ere 1970eko hamarkadan eta, batik bat, Ipar Euskal Herriko ekonomian. Estatu frantsesean familia berberetik eratorritako banketxe bakanetakoa da egun.
Zalantzarik gabe, politikagintzara jauzi egiteko eta jarduera horretan hainbeste urtez aritzeko estatus hori lagungarria izan zitzaion oso. Izan ere, Donibane Garaziko kantonamenduko jende askok jo zuen beregana, borondatez edo halabeharrez, finantza laguntza lortzeko. Bere jarduera profesionalak, hortaz, zerikusi handia izan zuen bere ibilbide politiko luze eta arrakastatsuan.
Inchauspek politikan egin zituen, hain zuzen ere, urrats esanguratsuenak. Gaullista porrokatua, RPR alderdi kontserbadore eta frantsesaren gerizpean lortu zituen, inork ez bezala, hainbeste agintalditan hautetsi eserlekua bereganatzea.
1960. urtetik 2004. urtera, etenik gabe, Paueko parlamentuko kontseilari nagusi hautatua izan zen. 1967an, Pariseko Asanblea Nazionalerako bidea hartu zuen, eta zortzi alditan errepikatu zuen diputatu kargua, batean -1968an- gobernuan idazkari orokor izendatua izanagatik utzi behar izan zuen arren.
Departamendu eta itsasoz haraindiko lurraldeen ardura izan zuen urtebetez, Charles de Gaulle jenerala presidente zela.
Askok pobreen bozei esker hautatutako aberatsen diputatutzat jotzen zutenak arrasto handia utzi zuen Nafarroa Beherean, batik bat, azpiegitura eta errepide anitzen eraikuntzari esker; horietariko bat da Donibane Garazitik Baionarako autobidea.
Bere lurraldearekin zuen lotura ere ez dio inork ukatzen. Betiko nekazaritza ustiategiak mantendu eta garatzeko ahalegina egin izana, euskararen alde egin zuenarekin batera, aitortzen zioten.
Jakina, polemika izugarriak piztu zituzten proiektuak ere bultzatu zituen; hala nola Somporteko tunelarena Bearnon edota Zuberoa zeharkatuko zuen gasbidea.
Hiru «B» erregioa (Bigorra, Bearno, Euskal Herria) deituriko lege-proiektua ere sustatu zuen. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako departamendu berezia sortzeko planteatzen zuen agiriak, baina, azkenean, ez zen onartu.
Bere ordezko Jean Lasselle diputatuak gogoan du «Euskal Herriko defendatzaile sutsua» zela. Atxikimendu hori, haatik, ez zuen abertzaletasunarekin zerikusirik.
Jakes Abeberri Biarritzeko zinegotzi abertzaleak adierazitakoaren arabera, «GALen garaian, Euskal Herriko gainerako handikiak bezala, arazoa espainolen arteko kontuak» zirela irizten zion.
Hauteskundeetan garaiezina zela uste zuten askok. Eta hori sinesteko bidea eman zuen Donibane Garaziko semeak. Soilik Koxe Larre hautagai abertzaleak jarri zuen zalantzan bere nagusitasuna, 1992ko kantonamenduetako bozetan bigarren itzulian aurkeztera behartu zuelarik. Frantxua Maitia sozialistak, berriz, Inchauspe 2004an erretiratu arte, ezin izan zuen kontseilari nagusiaren kargua eskuratu, nahiz eta makina bat alditan saiatu zen.
Politikagintzatik erretiratu bazen ere, Inchauspek negozio eta finantza munduan lanean jarraitu zuen kasik azken hatsa eman arte.
Aldeko eta aurkako ugari izan zituen, larunbat arratsaldean bere herrian ehortziko duten gizonak. Nolanahi ere, bere ibilbideak sor ditzakeen jarrera edota sentimenduak gorabehera, ukaezina da Nafarroa Beherean eta, areago, Ipar Euskal Herri osoan, itzal luzea utzi duela eta belaunaldi anitz markatu dituen ohiz kanpoko pertsona izan dela.