ELECCIONES EN UN NUEVO TIEMPO
UPN-PPri hirugarren eserlekua kentzera dei egin du Uxue Barkosek
Azken egunotan argitaratu diren inkesten arabera Nafarroan UPN-PP koalizioak lor lezakeen hirugarren eserlekua kentzera dei egin zuen atzo Geroa Baik. Zerrenda horretako buru Uxue Barkosek bota zuen erronka, alderdiak Iruñeko Baluarten egin zuen mitin nagusian.
«Beste behin ere aldaketaren atarian gaude eta berriro ere aldaketa hori posible dela frogatuko dugu. Duela zortzi urte bezala, Geroa Bai Nafarroako mapa politikoari buelta emateko tresna da», nabarmendu zuen Barkosek.
Izan ere, Nafarroa Bai proiektuaren oinordekotzat jo zuen Barkosek Geroa Bai. «2004an mugiarazi gintuen espiritu berak mugiarazten gaitu gaur. Geroa Bai-n garai hartako berberak izaten jarraitzen dugu. Ordezkaritza hori beste batzuek bereganatu nahi dute, baina gu geu izaten jarraitzen dugu, berberak, UPN eskuindarrari aurre egin diezaiokegunok, guztion Nafarroa anitzerako eserleku bat irabaziz».
Dena den, 2004an Nafarroa Bai osatu zuten lau alderdietatik bik, EAk eta Aralarrek, Amaiur bultzatu dute eta Batzarre-k Ezker Batuarekin bat egin du Izquierda-Ezkerra zerrenda sortzeko.
Ildo horri jarraituz, Nafarroa Baik Madrilgo Kongresuan egin duen lanak UPN PP taldearen babesa uztera eta Talde Mistora joatera behartu zuela adierazi zuen.
Xedapen iragankorra
Larunbatean, Baluarten bertan, Mariano Rajoyk eta Yolanda Barcinak Konstituzioaren laugarren xedapen irangankorra kentzearen alde egindako diskurtsoa gogor kritikatu zuen Barkosek. Nafarroa EAEko kide izateko aukera ematen du xedapen horrek.
«`Navarra habla (Nafarroak hitz egiten du)' leloa duten UPN-PPkoek egingo duten lehen gauza Nafarroa mutu uztea da, etorkizuna erabakitzeko hitzik gabe utzi. Hauxe da PPrekin izango dugun etorkizuna! Horixe da PPk Nafarroarekin hitz egingo duen guztia! Eta horixe da UPNk, PPren eskutik, datozen lau urteotan Nafarroaren alde egingo duen defentsa», esan zuen Barkosek.
Barcinari hitz gogorrak jaurti zizkion Geroa Baiko hautagaiak: «Gobernua zuzentzen daraman bost hilabeteotan hondamendia eta lardaskeria izan dira nagusi». Horren adibide, soldata ezkutuak, Nafarroako Kutxan izan den harrapakina, Los Arcoseko zirkuituan xahutu den dirua, osasun publikoan izan diren ezkutuko pribatizazioak eta hezkuntza arloan izan diren murrizketak ekarri zituen gogora Barkosek.