Josebe EGIA
Mesfidati bezain itxaropentsu
Igande honetan hauteskundeak direla-eta, datozen bost lanegunetan are bortitzago bizi beharko ditugu politikarien irudiak eta propaganda. Bost lanegun hauetan, hori jada zer den ez dakitenek, bereziki, are gehiago estutuko dituzte hortzak, «krisi, dirurik eza, murrizketa beharra, langabezia txikiagotzea, enplegu sustapena» eta halako berbez nazkatuta.
Bost lanegun hauek, askok eta askok bozkatu ez bozkatu emango dituzte, nahiaren eta ezinaren arteko lehia nekagarrian. Batzuek kalte handiagoa saihestearren egingo dute, etorriko dena okerragoa izango delakoan; beste hainbestek orain arteko agintariez mendeku hartzearren, hots, zigortzearren, etorriko dena okerragoa ezin izan daitekeelakoan; gutariko askok, erantzukizun hori saihestezina zaigulako, Euskal Herri ezkertiar, sozialista eta burujabeagoari begira egingo dugu, itxaropen zaharrak egia bihurtzeko bidean jarriko ditugulakoan, poliki; guztiok, baina, barruan zalantza, kezka eta sinesgogortasuna nagusi egingo dugu. Klase politikoaren izaera, benetako helburua eta zintzotasuna zalantzan dauzkagulako, botereak hastapenetako asmo irmoak eta idealak irentsi eta herriari eraldatuta itzultzeko duen joera aldaezina ezagutzen dugulako, eta batik bat, herria oro har osatzen dugun pertsonongandik urrun baino urrunago dagoelako, gutaz haragoko interesen mende.
Hortaz, hauteskundeen komeria burututa ere, aurretik nork irabaziko duen argi izanda (Estatuan gehiengo osoa lortuko ote duen ikaraz), hobe dugu datorkigunaren aurrean arnasa hartu eta borrokatzeko arrazoiak bukatu barik areagotu egingo direla barneratzen hastea. Izan ere, ETA gabe, sobera izango dute astia bestelakoak «konpontzeko». Horrek kezkatzen nau ni batik bat. Izan diren zenbait gizarte aurrerakuntza, abortua, homosexualen eskubideak, parekidetasunaren sustapena, kasu, ez ote diren atzera itzuliko, hau da, mentalitate zurrunaren eremura, Elizaren manuetara, aniztasuna benetan nahi ez dutenen eta bestelako argumentuak baliatuz España zaharrari eutsi nahi diotenen boterepera.
Emakumea, euskalduna, solidarioa eta nire eta besteen askatasun zalea naizen aldetik, kezkatuta nago, bai. Hasteko, gobernuan, meritukrazia bultzatzen duen alderdi bat izango da nagusi, hau da, ardurak eta karguak merituen arabera esleitzearen aldekoa. Kontua da, baina, merituak izateko eta gaitasuna erakusteko, esparruan sartzeko eta ibilbidea jorratzeko aukera existitu behar dela, eta egun, oraindik, emakumeok ez dugula bide hori gizonek bezain irekia. Beraz, irizpide hori baino ez kontuan hartuta, goi-karguetan eta abarretan gizonek jarraituko dute gailentzen, botoak irabazteko horren baliagarria den berdintasuna beste behin motelduta. Programetan egon egongo da, baina ikuspegi eta ekintzetan behar dugu, eta azkar baino azkarrago, gainera. Horri dagokionez, beldur naiz ez ote gaituzten beste behin atzera eramango, ahitu arte nekaraziko. Gauza bera euskara, elkartasuna eta askatasun osoari dagokienez, guzti-guztia krisi madarikatuaren aitzakiapean, jakina.