GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Lohitzune Rodriguez | EHUko Filosofia ikaslea

Masa ideologiaren kontsumitzaileari

ETAk borroka armatua bukatu du eta biolentzia ez da desagertzen, balantzaren alde bakarrean pilatzen da. Orain, Estatua da biolentziaren jabea

Malcolm X: «Ezin duzu bakea askatasunetik bereizi, inor ezin baitaiteke bakean egon, bere askatasuna izan ezean».

Bizitza osoan ez dut armarik ukitu. Inoiz. Bonbarik ere ez dakit nola egin eta sekula ez dut motolov koktel bat hurbiletik ikusi (gehienez, akaso, irudi edo pelikularen batean). Eta, gera dadila argi; ikastola batean ikasi nuen! «Hori bai harritzekoa!», pentsatuko du norbaitek. Bai andrea, bai, artilleria arloa programan ez zegoela ziurtatzen dizut, ezta eskolaz kanpoko ekintzetan ere! Beraz, begira, Lehen Hezkuntzatik batxilergoraino dena gainditua, nota onez eta pistola batekin tiro nola egin jakin gabe! Hara! Agian, zuk akademia militarrak izango zenituen buruan, oso ezberdinak dira horiek, ordea. Baina, aizu, denok erratzen gara noizbehinka.

Aita etxez aldatu zenetik, oso maiz ikusten ditudanak fusilak dira (edo metrailadoreak, ez nuke esaten asmatuko -a zer biolento kaskarra naizen, lotsagorritu beharko nintzateke!-). Ez, jauna! Ez gara zulo batera etorri bizitzera, gezurra badirudi ere! Kontua da orain Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean bizi garela. Armak ikusiak nituen jada, egia esan, beti FCSEn eskuetan (edo gerrikoetan); behin Donostiara bidean gelditu gintuzten, unibertsitatera gindoazela (ez, bertan dokumentuak nola faltsutu ere ez digute irakatsi; hori desengainua!), eta ondoegi ez nuen pasatu amamak prestatutako dilista tupperra irekitzen nuen bitartean, begira neukan poliziak besoetan kulunkatzen zuen armaren seguruarekin jolasean zebilela ohartu nintzenean. A ze paradoxa! ETAk borroka armatua bukatu duela eta batzuk bakeaz ari dira hizketan, eta nik inoiz baino fusil gehiago ikusten ditut!

Bakea, bakea, bakea... denek hitz egiten dute horri buruz eta inork ez daki non dagoen. Batzuek baietz uste dute, baina, barkadazue, ez dute piperrik ulertzen. Bakearen Nobel saria jaso zuen lehen emakume amerikarrak esan zuen: «Benetako bakea ez da soilik gerraren absentzia, justiziaren presentzia da». Baina, lasai, badakit eta buruan zer daukazuen. «Biktimak aitortzen direnean egongo da justizia». Ba, aizu, arrazoi osoa daukazu. Eta zein biktimez ari gara? Izan ere, ETArenak erakunde armatuaren lehenengo helburu beretik izan dira aitortuak. Baina geratzen dira batzuk aitortzeke. Aitor ditzagun biktima guztiak, bada! Ikusten? Aurkitu dugu adostasun puntu bat. Zer gehiago? A bai, justiziaz ari ginen. Ja... eta biktimez. Klaro, gero mota askotako biktimak daude: atentatuenak, bahiketenak, mehatxuenak, torturenak, errepresioarenak, salbuespen es- tatuenak, kontzientziaren bortxaketarenak, eskubide demokratikoen zapalketenak...

Aipatu bezala, ETAk borroka armatua bukatu du eta, ondorioz, biolentziaren erabilera ez da desagertzen, orain balantzaren alde bakarrean pilatu egiten da. Orain Estatua da biolentzia den tresnaren jabea. Ejerzito bat eta bi gorputz polizial (gehi polizia lokala eta erkidego batzuetan autonomikoa ere bai) gustura asko ordaintzen dituenik egongo da. Niri txorakeria galanta iruditzen zait, zer esango dizuet. Bakoitzak nahi duena, edo ahal duena, pentsatuko du. Bada, orduan ez niri eskatu biolentzia oro txarra dela edo biolentziak biolentzia besterik ez dakarrelako diskurtso faltsuetan sartzea. Inork ez du esango biolentziak minik sortzen ez duela, baina mehatxuan oinarritzen den itxurazko bakearen aurrean, herriari ezin zaio belaunika dadin eskatu. M15 mugimenduaren manifestazioetan ikusi dugu, biolentziarekiko gaitzespena azaltzen eskuak altxatzen zituzten horien kontra kargatu du poliziak sistematikoki.

Jaun-andreok, biolentziak Galiziako meigen parekoak dira, «haberlas haylas». Eta biolentziak diot, asko eta oso ezberdinak direlako, zenbait helburu lortzeko mota askotako eragilek erabilia. Beraz, pentsatzen ez dudana esatera ez nazazue behartu; sinplea da, ez dut nahi, eta ez dut egingo. Zuk, agian, oraintxe bertan eta nik horretarako emango dizkizudan hitzekin, poliziak manifestazio baketsuetan duen jarrerari gaizki deritzozula esan nahi ez duzun era berean. Hain konplikatua ere ez da! Gero gerokoak, akaso nazka sentituko dugu bestarekiko.

Lehengo egunean lagun batek hauxe esaten zidan: «Hemen, delitu ez da soilik hitz egitea, isiltzea ere bai», eta zuzen zegoen. Pentsatu birritan (edo gehiagotan; seguru beharko duzuela!), biktima asko daude, mundu osoan zehar. Jane Addamsen bakea nork ez luke nahi! Munduan justizia egotea eta hau biolentziaren beharrik gabe, bere kabuz mantentzea ezin hobea litzateke. Lorez, hegazti kantariz eta betiereko gaztetasunaren iturriz inguratuta biziko ginateke! Baina, ene bada! Ez da ba hori kasua. Gatazka (edo gerra) honetaz mintzatzen naiz hurbil-hurbiletik bizi dudalako, baina era berean galde dezaket ea nola den posible, soilik hitzen bidez, egunean milioika pertsona heriotzera kondenatu eta mundua gobernatzen duen sistema kriminal baten kontra borrokatzea; mesedez, azal diezadala norbaitek. Behin euren belaunek lurraren kontra jota mantentzen gaituztela, gauzak elkarrizketa bidez lortzen direla esaten digute. Ja. Bueno, utziko didazue hau zalantzan jartzen. Ez dakit, agian erratuta nago, eta jendeak gustuko du gosez, hotzez eta osa daitezkeen gaixotasunez hiltzea. Hala balitz, arren, erakutsi argia! Baina tira, gai honekin ez naiz sartuko, bestela baten bat argudio gabe geratuko da agian eta demagogia egitea egotziko dit.

Argi dago, beraz, estatuek biolentzia erabiltzen dutela, eta oso maiz gainera, herritarren aurka. Biolentziaren inguruko diskurtso ofiziala faltsua da, eta guztiz iruzurtia. Gatazka armatu bati dagokionean barkamena eta damua exijitzea ez da batere eraginkorra eta kalterako ere izan daiteke. Mina badago, eta askok errealitatea onartu nahi ez duten arren, alde bietan dago; baina ezein biktimaren minak ezin du ezarri gatazkaren konponbiderako ibili beharreko bidea. Ernest Lluchen familiak argi utzi du arrazoia, aurrera mugitzen hasteko benetako nahia agertuz eta, bide batez, adierazpen hauek era positiboan baloratu dituen jende asko eta askoren errespetua bereganatuz.

Rosa Lluch: «Biktimak ez gara objektiboak. Kontuan hartu behar gaituzte, biktimak daudela onartu beharra dagoen momentutik, baina guk ezin dugu prozesu honetan esku hartu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo