GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Paris ere, konponbidera

Azaroaren 20an Hegoaldean iraganen diren hauteskundeak funtsezkoak izanen dira, garrantzitsuak Euskal Herriaren geroarentzat, euskaldunentzat

Lan oso interesgarria eramaten ari da Ipar Euskal Herrian. Askotan, lan zaila genuen Estatu frantseseko ezkerreko alderdiekin lan egitea. Abertzaletasuna ez zen horien kodeetan kabitzen. Frantses Estatuaren alde bi gerla egin ondoren, Errepublikako eskolara joatera behartua izanik, familia bakar bat ere ez da libratu «Liberté, égalité, fraternité» lelo horretatik. Estalki kultural horretaz baliatu dira. Alderdi politikoak betidanik Parisi lotuak izan dira, handik eskuratu izan dira lemak, aginduak. Abertzaletasunak galdekatu ditu talde politiko eta sindikalak. Gutxietsi gaituzte. Baina, egun, benetako indar politikoa ikusten dute.

Arduradun politiko batzuek Aietetik bertatik jarraitu dituzte bake prozesuaren lehen urratsak. Hitz batzuk erran zituzten. Orain, beste urrats batzuk beharrezkoak dira, alderdiei, sindikatuei doakie urrats batzuen ematea. Ez da gauza erraza bizi guztia Parisi begira egin delarik. Zeren Parisen zer egin dute orain arte, ez bada ukatu hemen gatazka badagoela? Beste diskurtso batetara pasatzea eskatzen zaie. Euskal gatazkaren konpontzeko urratsen egitea, horren alde ausartzea.

Tokiko militante batzuk aspalditik abertzaleekin lan egiten menturatu dira; hau da Yvette Dubarbieux alderdi komunistako militantearen kasua. Ez dugu ahanzten A. Leiciagueçahar (EELV) militante berdeak Segiko militanteen alde izandako ausardia, baina ezagutzen dugu bere alderdian egin behar izaten duen lana ulertua izateko, bere alderdiaren adostasuna lortzeko. Oraindik, aldaketaren aurrean jarrera aldatzea zaila zaie, sekulako suak piztu baitituzte abertzaleen kontra. Ez dugu ahanzten nola LAB baztertzen duten manifestaldiak egiten direlarik Baionan. Sindikalistak beste sindikalisten kontra!

Uholdeak Ipar Euskal Herria irauli behar du. Gainean jarri diguten estalkia kendu behar dugu. Alderdi, sindikatu, elkarteen bitartez, gatazkaren konponketarako deia Pariseraino helarazi behar dugu. Markatuak diren lerro guzti horiek mugitzeak lan handia eskatzen du. Gaur egun haize berri batek harea sartu die makinan. Ez dakite oraindik nola erreakzionatu. Gorago aipatu diren militanteen ausardia azpimarratzekoa da. Laguntza beharko dute lerro politiko horiek mugiarazteko. Ezkerreko indarrak gureganatu behar ditugu.

Azaroaren 20an Hegoaldean iraganen diren hauteskundeak funtsezkoak izanen dira, garrantzitsuak Euskal Herriaren geroarentzat, euskaldunentzat. Zain egonen gara, emaitzak goaitatuko ditugu, esperantza handiak ditugu guk ere, bozkatzen ez badugu ere. Amaiur da gure aukera, Amaiurrek guri ere bidea zabalduko digu. Amaiur gure gaztelua da, defenditzen dugun gure jauregia, gure lubakia.

Haatik, bake prozesu honek beste erronkak irabazteko aukerak eskaintzen dizkigu, Ipar Euskal Herriko indar politikoei euskal nortasunari buruz zer erabakitzen duten errateko parada ematen die. Ezin dira gorde gehiago. Gobernua hartu nahi duen Alderdi Sozialistak, ba al du euskal departamendutik at beste diskurtsorik libre bizi nahi duen Euskal Herriari hitz egiteko?

Abenduaren 10ean manifestaldi bat iraganen da Baionan aterabide demokratikoaren aldarrikatzeko. Tokiko alderdi eta sindikatu guztien laguntza beharrezkoa da. Estatu frantsesa egiten zaion galderaren neurrian egonen ote da? Horretara eraman beharko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo