GARA > Idatzia > Euskal Herria

Preso gaixoak kaleratzea «eskubide konstituzionala» dela dio Amaiurrek

EPPK-k hainbat euskal presok hurrengo egunotan askatasun eskaerak egingo dituztela iragarri ostean, preso gaixoen kaleratzea «Konstituzio espainolak jasotzen duen eskubidea» dela defendatu du Amaiurrek. Agiria hauteskunde kanpaina bete-betean iritsi arren, inor gutxi mintzatu da gaiaz. PPko hautagai Mariano Rajoyri zuzenean itaundu diote presoen sakabanaketaren inguruan, eta «gertaerak aurreratzeko unea ez» dela esanda ihes egin dio galderari.

p016_f01_123x123.jpg

GARA |

EPPK Euskal Presoen Politikoen Kolektiboak agiria plazaratu eta biharamunean, larriki gaixorik dauden presoen askatasuna «eskubide konstituzionala» dela nabarmendu zuen Amaiurrek. Alde horretatik, Barakaldon egindako hauteskunde-mitinean, begi onez ikusi zituen koalizio abertzaleak presoen kolektiboak iragarritako askatasun eskaerak.

Barakaldoko Udaleko Bilduko zinegotzi Jorge Garciak hartu zuen hitza atzoko ekitaldian, eta «osasun egoera makala duten pertsona orok presondegitik ateratzeko eskubide osoa» duela oroitarazi zuen; «eskubide hori, gainera, Konstituzio espainolak jasotzen du», gehitu zuen.

Amaiurrek Lutxana auzoan eskainitako mitinean, ezker abertzaleko militante historiko Periko Solabarria igo zen oholtzara Garciaren ostean, eta euskal presoek «aldarrikapen horiek edota bestelako eskakizunak egiteko autonomia osoa» dutela baieztatu zuen.

Isiltasuna nagusi

Datozen egunotan larriki gaixorik dauden euskal presoak, baldintzapean libre egon beharko luketenek eta bizi osorako zigorra jasan duten euskal herritarrek askatasun eskaerak egingo dituzte. Hori jakinarazi zuen larunbatean Euskal Presoen Politikoen Kolektiboak GARAra igorritako agirian, eta eskaerak banakakoak izan arren, erabakia kolektiboa dela zehazten zuen.

Hauteskunde kanpaina bete- betean etorri da EPPKren iragarpena. Kanpainaren joan-etorriak ikusita espero zitekeen moduan, gutxi izan dira euskal presoen eskubideen aferari heldu dioten alderdi eta ordezkariak.

Estatu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta PSOEko hautagai Alfredo Perez Rubalcabak argi utzi dute behin baino gehiagotan ez dagokiela eurei era horretako urratsak egitea. Neurri horiek hartzea, gainera, Estatu espainoleko hurrengo gobernuaren zeregina izango dela nabarmendu dute biek ala biek maiz azken asteotan.

Atzo, EPPK-k agiria kaleratu eta biharamunean, PSOEk han-hemenka egin zituen hauteskunde mitinetan ez zuen txintik ere esan euskal presoen askatasun eskaeren inguruan.

PSOErekin lehia bizia duten PPko hautagaiek ere ez zuten gaia aipatu ere egin hauteskunde kanpainako azken igandean. Are gehiago, horren inguruan zuzenean itaunduta, PPko hautagai nagusi Mariano Rajoyk saihets-erantzunak eman zituen.

Vocento taldeko egunkariek atzo argitaratutako elkarrizketan, dispertsioaren inguruko galdera egiten diote Rajoyri eta honakoa da ematen duen erantzuna: «Gertakariak orain aurreratzea... Oso goiz da. Zuzenbide Estatu eta legeak ezartzen dituen mugak ez ditut gaindituko. Denborari denbora eman behar zaio».

Gogeaskoetxea

Westminster-eko epaileek gaur aztertuko dute Auzitegi Nazional espainolak Eneko Gogeaskoetxearen aurka egindako estradizio eskaera. Gogeaskoetxea joan den uztailean atxilotu zuten Cambridge hirian.

Klaxonari eman eta eman, Martin aska dezaten

Hauteskunde kanpainako gorabeheretatik urrun, asko dira euskal presoen eskubideen afera eztabaiden erdigunean kokatzen dutenak, bereziki preso gaixoek bizi duten egoera larria. Horien askatasuna aldarrikatzen dihardute egunero, eta horren erakusgarri, atzo Txus Martinen alde egindako auto karabana.

40 bat ibilgailu elkartu ziren Bilbondon, Basauriko Egin Dezagun Bidea herri bilguneak deituta. Euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen zuten afixak autoetan jarri ondoren abiatu zuten ibilbidea, klaxonari eman eta eman, Basauriko espetxeko inguruetara iritsi arte.

Nahasmen eskizo-afektiboa duen euskal preso hau bakartuta dago, joan den azaroaren 4an Basauriko espetxera eraman zutenetik. Egoera horrek bere osasunari kalte besterik ez diola egiten salatu, eta Martinen berehalako askatasuna exijitu zuten parte hartzaileek.

Zarautzen, berriz, euskal presoen sakabanaketa amaiarazteko sinadura bilketa abiatu dute. Larunbatean aurkeztu zuten ekimena prentsaurrekoan eta hordagoa ere bota dute: 2.215 herritarren sinadura biltzea.

2.215 da Zarauzko preso politikoak ikusi ahal izateko euren senideek astebururo-astebururo egiten duten kilometro kopurua. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo