Oihana KORTAZAR | mendiko lasterkaria
«Titulu garrantzitsu horiek guztiek bidean harrapatu naute»
Elgetako lasterkariak egin duen denboraldia txapela kentzeko modukoa dela inork ez du zalantzan jartzen. Nola, bada! Objektiboena poltsikoratu dituen tituluei begiratzea da: Euskadiko Txapelketa, Espainiako Kopa zein Txapelketa, Espainiako Bertikalen Kopa, Europako Txapelketa, Munduko Kopa eta Europako Txapelketa Konbinatua (bakarkakoa+bertikala).
Andoni ARABAOLAZA
Oihana Kortazarrek ia dena irabazi du aurten. Dagoeneko, titulu ofizial piloa ditu etxean gordeta. Eta aipagarriena da bere hasierako plangintzan garrantzitsuenek ez zutela lekurik. Horrela bada, «urteko kirolaria» izendapena jartzen badiote, ez dugu uste hanka sartzen ari direnik. Sinatu duen denboraldi bikainari buruz, elgetarrarekin hitz egin du GARAk.
Duela bi aste, Bertikalen Europako Txapelketarekin, amaitu zenuen zure aurtengo lehia ofizialen denboraldia. Luzea izan da oso, eta, agian, zama bat gainetik kendu duzu. Amaitu bezain laster, zer esan zenion zeure buruari?
Bukatu da behingoz! Horixe esan nuen. Amaiera horrekin amesten ari nintzen. Urtarrilaren erdialderako, amatasuna amaitu eta lanera itzuli nintzenean, entrenatzen hasi nintzen. Lehen lasterketa martxoan egin nuen, eta azkena duela pare bat aste. Gehiago ez! Bitxikeria bat kontatuko dizut: lehen lasterketa 23. dortsalarekin korritu nuen, 23 lasterketa egin ditut eta azken lehia 23. dortsalarekin egin nuen. Zenbaki horiekin loteriara jokatu beharko dut!
Hala ere, txapel edo titulu ugari irabazi duzu. Ez al zara pixka bat aspertu hainbeste garaipenekin? Ala motibatzen zintuen?
Aspertu, ez! Subidoia eragiten zidan. Kanpotik ikusita, agian, itxura hori eman dezake. Hori bai, beti presio bat izan dut gainean; ez irabaztearena, alegia. Baina nik entrenamenduak topera egin ditut, eta beti gogor borrokatzen naiz. Behin lasterketa bat irabazita, esfortzu gehiago egin behar duzu hurrengoa irabazteko. Neure buruarekin zorrotza naiz, baina jakin badakit muga non dudan. Alabaina, ez badut irabazten, ez da ezer pasatzen.
Presioa izan dut beti, batez ere kontuan hartuta bi selekziorekin lehiatu naizela: hemengoa eta Espainiakoa. Esaten zidaten: «azken lasterketa bat topera eta bale». Ni konbentzitzen saiatzen nintzen ez irabazita ez zela ezer pasatzen. Denboraldi osoan erreferentea izan naiz, eta horregatik, lehia ofizialaren arabera, bata edo bestearekin korritu behar izan dut.
Aurten egin duzun denboraldiari buruz izenburu bat eskatuko banizu, zein emango zenidake?
Izenburu itxuroso bat eman beharrean, esango nizuke lortutako guztiak ezustean harrapatu nauela. Uste dut entrenamenduetan izan dudan irmotasuna izan dela giltza. Emanuela Brizzio bezalako lasterkari handi bati aurre egin? Hori ez zen nire eskemetan sartzen. Jakin banekien indartsu nengoela, baina goi mailako lehiakideekin parez pare ibiltzea, beste kontu bat izan da.
Amatasuna dela eta, urtebete geldirik izan zinen. Hedabide guztiek gai horren inguruan galdetu dizute behin eta berriz. Ez al zara aspertu? Urtebete geldirik izan ondoren, benetako garrantzia ematen diozu halako denboraldi bikainari?
Bai, inolako zalantzarik gabe, garrantzia ematen diot. Emakume kirolari asko gaude; baina ama izan ondoren goi mailan ibiltzea, bada, ia apenas ikusten da. Kulturalki ez dugu txip hori aldatu. Hots, ama izan diren askok kirola utzi dute.
Espainia mailan ez dago kasu bat bera ere. Eta Italian iraupen eskian zein lasterketetan dabilen bat bakarrik ezagutzen dut. Hartu nuen erabakiarekin, hots, ama izan eta goi mailan jarraitzearekin, oso harro nago.
Oso indartsu zaudela ez du inork zalantzan jartzen, besteak beste, Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan tituluak erdietsi dituzulako. Baina aurtengo lasterketa ofizialei dagokienez, esan behar dugu salto bat egin eta Europa zein mundu mailako hainbat hitzordu ofizialetan parte hartu duzula. Eta ez hori bakarrik, irabazi ere ia denak egin dituzu. Zeure plangintzan al zeuden? Harritu al zaitu Europako Txapelketa, Munduko Kopa... irabazteak?
Den-denak bidean harrapatu nau. Aitortu behar dizut Munduko Kopa ez zegoela nire plangintzan. Urtebete lehiatu gabe egon ondoren, nire asmoa lasai itzultzea zen. Eta alderantziz gertatu da, topera lehiatu bainaiz. Espainiako Kopa zein Txapelketa nire helburuen artean zeuden; horiek bai. Baina Zegamakoa irabazi nuen eta nire plangintza irauli egin zuen garaipen horrek. Munduko Kopan jarraitzeko esan zidaten, baiezkoa eman eta azkenean irabazi egin nuen. Europako Txapelketan parte hartzeko deia espainiar selekzioak egin zidan (euskal selekzioarekin ezin nuen), eta kosta egin zitzaidan baiezko erantzuna ematea. Finean, momentua aprobetxatu dut.
Aurtengo zure garaipen «uholdeari» ez diot garrantzirik kendu nahi, ez dut zure lana gutxietsi nahi; besteak beste, argi utzi duzulako indartsuena izan zarela. Baina ez al zaizu iruditzen nesken mailan, bederen, oso gutxik hartzen duzuela parte eta maila ez dela oso handia? Adibidez, Munduko Kopan, Brizzio, Favre, zu eta besteren bat izan ezik, inork ez ditu Koparen proba guztiak korritu. Zein da zure iritzia?
Bai, mutiletan ez bezala, nesketan ez da hainbeste lehia eta kopururik izaten. Gure kategorian bat, bi, hiru edo lau gaude; mutiletan, aldiz, hogeiren bat. Bestetik, ez da eboluzio handirik izan; Favre eta Brizzio beteranoak dira eta hor jarraitzen dute. Hori bai, Mireia Miro edo Stephanie Jimenez bezalako gazteak daude. Mireiak, adibidez, irabazi nau. Bestalde, ez da berdin lasterketa bat edo beste bat irabaztea. Batean, agian, oso parte-hartzaile gutxi daude, eta beste batean, berriz, asko. Dolomitetan, adibidez, bertako lasterkari indartsu asko zegoen; hamabost bat ziur. Baina selekzioekin lehiatzen bagara, kopurua txikiagoa da.
Hori guztia esanda, zer nahiago duzu: lehia gutxi duen lasterketa bat irabazi edo lehia handia duen beste batean hirugarren edo laugarren postu bat sinatu?
Zalantzarik gabe, bigarren aukera. Mireiak irabazi ninduenean, bigarren iritsi nintzen helmugara eta besoak altxatu nituen. Oso lehia gogorra izan zen, eta hotz handia egin zuen. Gailurrean 5. nintzen eta 2. helmugaratu nintzen. Hor bai, lehia gogorra egon zen. Bigarren postu hori oso atsegina izan zen! Hitzordu asko daude, eta lasterkariak oso sakabanatuta gaude. Jakin badakit Mireia edo Stephanie bezalako gazteekin gogor borrokatu beharko dudala. Gogoa dut Laetitia Roux-ekin lehiatzeko.
Nahiz eta iraupen ertaineko lasterketak gustuko izan, argi utzi duzu maratoietan zein bertikaletan ondo baino hobeto moldatzen zarela. Non dago gakoa?
Entrenamenduak dira giltza. Niretzat 25 kilometrokoak perfektuak dira, baina, bai, adibidez Zegamako maratoia irabazi nuen. Bestalde, bertikalak ez ditut prestatzen. Baina hanketan indarra dut eta aldapak igotzea asko gustatzen zait.
Gero eta gehiago entzuten ari naiz mendi lasterketak mendiko diziplina batekin baino gehiago atletismoarekin lotu behar direla. Ados al zaude?
Ezin dira konparatu. Mendiko lasterketetan dagoen giroa eta lehiakideen artean dagoen harremana oso ona izaten da. Ez dut atletismorik egin, duatloitik nator, baina aldea badago.